Dantzaz konpainiaren 'Aureo' estreinauko dabe Arriagan, nazinoarteko bost koreograforen lanakaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 6a, 00:00

Urriaren 9an eta 10ean egingo dabe Dantzaz konpainiaren ikuskizun barriaren estreinaldia, Bilboko Arriaga antzokian. Aureo, bost piezaz osotuta dago, bakotxa koreografo batek egina eta Adriana Pousek koordinauta. Sortzaile beteranoak eta gazteak buztartu ditue eta, euren aginduetara, Dantzazeko jantzari gazteak ipini ditue. Publikoaren eta obrearen arteko hartu-emon perfektuaren bilaketea da Aureoren abiapuntua.

Fernando Saenz de Ugarte Dantzazeko zuzendariak azaldu dauenez, lehenengoz egingo dabe Bilbon euren obra baten estreinaldia, normalean Donostian izaten diralako aurkezpenak. Ikuskizunaren filosofiari jagokonez be, barritasunak dagozala dino Saenz de Ugartek: Publikoagaz beste era bateko hartu-emona bilatu dogu, hartu-emon perfektuaren bila ibili gara zelanbait. Dantzazen helburuetako bat, azkan finean, publiko barriak erakartea dala ganeratu dau.

Holan, Adriana Pous Dantzazeko kide zuzendari artistikoaren agindupean, bost koreografo ibili dira Aureorako pieza bana sortzen. Hiru, beteranoak dira alor horretan: Itzik Gallik, Lukas Timulak eta Jone San Martin. Beste biak, etorkizun oparoko koreografo gazteago bi dira, Judith Argomaniz euskalduna eta Christine Hassid frantsesa. Jantza garaikiderako pieza bana sortu dabe. Publikoagaz hartu-emon barriak sortzeko nahia izan da gaietako bat eta, ganera, jateagaz eta gastronomiagaz lotutako kontzeptuak be erabili ditue euren sorkuntzetan.

Dantzaz konpainiak aukerea emoten deutse jantzariei modu profesionalean jardun ahal izateko. Adriana Pousek nabarmendu dauenez, artista gazteak dira eta gogotsu dagoz lanerako. Obra hau opari polita da eurentzat, estilo ugari, batzuk barriak, probau ahal izango ditue, dino Pousek. Christine Hassidek ganeratu dau jantzarien mailea bikaina dala eta hori sorpresa polita izan dala.

Jone San Martin eta Judith Argomaniz gipuzkoarrek, kanpoan proiektu ugaritan parte hartu eta gero, etxean lan egiteko aukerea daukie Aureon. Aukera polita da Dantzazegaz lan egin ahal izatea, adierazo dau San Martinek. Argomanizek arrantzaleen bizimoduan oinarritutako piezea aurkeztu dau Aureorako, Gizon haiek izenburukoa. Arrantzaleen bakardadea, mobimentuak eta abar aproposak dira koreografietan erabilteko, Argomanizek azaldu dauenez.

Lukas Timulak eslovakiarrak be pozik onartu dau Dantzazen eskaintzea: Konpainiak publikoagana hurreratzeko daukan modua gustuko dot, barritzaileak dira horretan, zehaztu dau. Sortzaileek eta jantzariek euki dabe dagoeneko Bilboko publikoa ezagutzeko aukerea. Izan be, uriburuko leku ezagunetan piezen zatiak eskaini ditue egunotan: Metroan (San Martinen Jugo egon zan Sarrikoko geltokian), Deustuko Unibertsidadean (Hassiden Momentum), Azkuna Zentroan (Timulaken Dot to dot) eta Vicinay Cadenas enpresan (Argomanizen Gizon haiek). Itzik Galiliren Casi humano urriaren 7an helduko da Guggenheim museora.

Bilboko Arriaga antzokiaren eta Dantzaz konpainiaren arteko koprodukzino hau urriaren 9an eta 10ean emongo dabe Bilbon. Saio biak 20:00etan hasiko dira. Sarrerak salgai dagoz, 6,50 eta 21 euro artean. Ikus-entzule guztientzat aproposa dan obrea dala dinoe sortzaileek, jantza garaikideaz dakienek zein holako ikuskizunetara ohituta ez dagozanek disfrutau leikeena.

Osorik irakurri