Donostia 2016 Cosmopoética Kordobako Nazinoarteko Poesia Jaialdian izango da, Kirmen Uribe poeteak eta Mikel Urdangarin kantautoreak alkarregaz eskainiko daben saioagaz. Euskerazko poesia eta kantagintzearen alorrean erreferente diran sortzaileak Kordobako Orive aretoan izango dira eguenean, urriaren 8an, 21:00etatik aurrera, Donostia 2016k jakinarazo dauenez.
Emonaldi hau DSS2016EUk koproduzidu dau, Elkarrizketak lerroaren barruan. Programazino arlo hori tokiko kultur programatzaileakaz alkarlanean berariazko proiektuak antolatzeko sortu da, eta lerro horren barruan dagoan izaera kolaboratzailea zabaldu guran, DSS2016EU lankidetzan dabil Europako Kultur Uriburu izateko hautagai izandako uriakaz. Egitasmo hori aurrera eroateko, Donostia 2016k uriotako kultur jardueren programazinoa aberastu egiten dau uriburutza proiektuagaz lotuta dagozan proposamen kulturalen bitartez.
Kordobaren kasuan, DSS2016EUk Cosmopoética jaialdian antolatuko dauen ekitaldiak ezagutzera emongo dau euskal kulturgintzako bi ordezkari garrantzitsuren lana. Kirmen Uribek eta Mikel Urdangarinek 15 urte daroez alkarlanean, eta Cosmopoética jaialdian aurkeztuko daben ekitaldian alkarregaz egindako ibilbide horretan zehar sortutako poemak, musikautako testuak eta abestiak aurkeztuko ditue, poesia eta musieka buztartuko dituan saioan.
Dagoeneko, Zaragozan eta Segovian izan dira Donostia 2016k antolatutako jarduerak. Bagilean, Zaragozako Trayectos jaialdian aurkeztu zan jantza ikuskizuna koproduzidu eban DSS2016EUk, eta Segoviako Hay Festivalen azken edizinoan bi mahai-inguru antolatu zituan, literatura eta hizkuntza gitxituei buruzkoak.