Kartelgintza modernoaren jatorria XIX. mendearen bigarren erdialdean dago, izan be, garai haretan, aldaketa ekonomiko, politiko eta sozial handiak egon ziran, eta horrek merkataritza arloko ordena barria ekarri eban, eta, ganera, markak ugaritu egin ziran eta konsumo-ohitura barriak be agertu ziran. Testuinguru horretan, mende oso batez, kartelgintzeak erantzuna emon eutsen jazoera edo idea politikoak zabaltzeko beharrizanei, bai eta zenbait produktu edo gune turistiko sustatzeko beharrizanei be.
Hormako mezuak. Bilboko Arte Ederren Museoaren bildumako kartelak (1886-1975) erakusketeak berrehun pieza baino gehiago emongo ditu ezagutzera, zehatz esateko 227 kartel, danak be museoaren antxinako kartelen fondo handi eta ez lar ezagunekoak. Aitatutako lanak Euskal Herriko Unibersidadeko Artearen eta Musikearen Historia Saileko irakaslea dan Mikel Bilbao Salsiduak aukeratu ditu.
Kartelgintza modernoaren aitzindarien obrak jarriko dira ikusgai, besteak beste, Jules Chéret, Théophile Alexandre Steinlen edo Eugène Grassetenak. Era berean, nazinoartean ospetsuak diran diseinatzaile handien lanak be ikusi ahal izango dira: Leonetto Cappiello, Paul Colin, Jean Carlu, Charles Loupot, Ludwig Hohlwein, Raymond Savignac, Saul Bass, Milton Glaser, Roiman Cieslewicz, Giovanni Pintori, Jan Lenica, Armando Testa edo Shigeo Fukudarenak, adibidez. Horreez gan, euskal kartelgintzearen ordezkaritza esanguratsua be egongo da, berbarako, Adolfo Guiard, Aurelio Arteta, Antonio de Guezala edo Elías Salaverría margolari garrantzitsuek publizidadearen esparruan egindako lan handia ikusi ahal izango da. Horrezaz gan, marrazkilari handien obrak be izango dira, besteak beste, Rafael de Penagos, Federico Ribas, Emilio Ferrer, Josep Morell, Manolo Prieto edo Josep Artigasenak.
Erakusketearen izenburuan, 1886-1975 urteak agertzen dira, izan be, kartelik zaharrena Adolfo Guiardek (Bilbao, 1860-1916) 1886an sortutakoa da, eta, horrezaz gan, 1975eko zenbait kartel be badagoz, tartean Victory 1945, Shigeo Fukuda (Tokio, 1932-2009) diseinatzaile grafiko ospetsuarena.
Ibilbidea zazpi esparru tematikotan dago oinarrituta (turismoa, zezenketak, merkataritzea, kirola, politikea eta gerrak, azoka, erakusketa eta biltzarrak, eta kultureari eta entretenimenduari buruzko kartelak), eta, holan, kartelgintzearen, publizidadearen eta diseinu grafikoaren bilakaerea ikus daiteke, bai eta publizidadeak eta diseinu grafikoak XIX eta XX. mendeetako hizkera artistikoakazko izandako iragazkortasuna be. Beraz, kartelgintzearen historiaren mende oso batetik egindako ibilbide luzea da, izan be, kartela asmo iragankorragaz sortutako objektua izan zan, baina, halan da be, oso hasieratik, bildumagileen piezen estatusa hartu eban.
Kontuak kontu, erakusketea urriaren 6tik 2016ko urtarrilaren 18ra arte egongo da zabalik