Azkuna Zentroak 'Zergatik ez Judy Chicago' erakusketea aurkeztu dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 7a, 00:00

Urriaren 8tik urtarrilaren 10era arte Azkuna Zentroan ikusgai izango dan Zergatik ez Judy Chicago? izenburuko erakusketea Azkuna Zentroaren produkzinoa da CAPCaren (Bordeleko Arte Garaikideko Museoa) laguntzinoagaz batera. Erakusketea Xabier Arakistainek, erakusketearen komisarioak zuzentzen dau Lourdes Méndez antropóloga feministeagaz eta bertan Judy Chicagok ez eze, Amelia Jones, Andrew Perchuk, Jane Gerhard eta Edward Lucie-Smithek be parte hartzen dabe. Artearen historiaren eta beste ikuspegi eta pentsaera teorikoen ikuspuntutik, mintegi honetan Judy Chicagoren lana eta XX. mendeko 60. hamarkadako bigarren erdialdean AEBetako mendebaldean hasitako arte feministearen jaiotzea aztertuko da. 


Zergatik ez Judy Chicago?

Erakusketeak ikus-ibilbide bat proponiduten dau arte feministearen aitzindarietako baten lanean barrena, 50 urtean sortu dituan obren eta dokumentuen sailkapen baten bitartez.

Judy Chicago praktika eta teoria artistikoan sartzea lortu eban emakumeen lehenengo belaunaldiaren zati da, AEBetan Feminismoaren Bigarren Olatu lez ezaguna dan jokerearen barruan. Testuinguru politiko, sozial, intelektual eta artistiko horretan, oinordetzan jasotako jakintza guztiek gizonen dominazinoa iraunarazoten dabela jaubeturik, dudan jarriko ditu Chicagok, eta desobedientzia jarreren arlora bideratuko dau bere karrerea. Baina badago idea bat artista benetan barritzaile bilakatzen dauena: patriarkatuaren aginduak beteteko erabateko ukazinoa da, emakumeak azpiratzen baititu, euren berezko gitxiagotasuna aldezten eta destinoaren biologia goraipatzen daben ideologien bitartez. Desobedientzia feminista horrek kultur arloko iruditeria femenino aktibo baten bakotasunari eta emakumeak historian positiboki kokatuko dituan narratiben bakotasunari aurre egitera eroango dau. Halan da be, bere lanaren ardatz hartuko ditu bakotasun bi horreek Chicagok.

Lehenengoa ikonografia femenino eta feminista bat sortzeko erabili eban; haregaz emakumeak irudikatu zituan eta holan, egungo erregimen bisualean maskulino unibersal moduan topetan dogun falozentrismoa salatu eta hari desafio egin eutson. 60ko hamarkadearen hasieran sortutako lehen lanakaz emon eutson hasierea ardatz horri.

Bigarren ardatza lehenengoagaz lotuta dago, eta historiaren inguruan mobiduten da. Chicagoren historiazaletasuna ikasle sasoitik jatorko, orduan konturatu zalako bere prestakuntza akademikoan ez eutsiela emakumezko erreferenterik eskaintzen. Ondorioz, bilaketa prozesu bati ekin eutson, pentsamendu feministearen historiaren barruan emakumeen genealogia bat lortzeko asmoagaz, bai artearen mundukoak, bai beste arloetakoak be. Bilaketa horren barri Chicagoren lanetan be ikusi daiteke, batez be 1970etik aurrera. Urte horretan jarri eban abian bere arte-hezkuntzako lehen proiektuetako bat; haren oinarri nagusia kontzientzia feministea sortzea zan eta, hasiera batean, emakume taldeei bakarrik egoan zuzenduta. Proiektu hori garatzen jarraitu dau artisteak, gizonak be gogoan hartuta; horixe da, hain zuzen, artearen pedagogia-metodo feminista lez ezagutzen danaren oinarria. 70eko hamarkadan, Arte Feministan mugarri izan diran hainbat lankidetza-proiektu gauzatu zituan; horreen ondorio dira tradizinoz emakumearen unibersoagaz lotu izan diran teknika batzuk –jostea eta brodatzea– txertatzen dituen hainbat artelan, hain zuzen emakumeen historia bisuala sortzeagatiko bere kezkearen erantzun moduan. Emakumezko erreferenteen bilaketan, Chicagok bi aurkikuntza nagusi egin zituan; batetik, emakume handiak izan zirala garai guztietan, baina, horrezaz gan, guzti-guztiak ezabatu zituela sistematikoki historiatik. Eta, horregaitik, Chicagoren arte-sorkuntzen zati handi batek omendu egiten ditu historia androzentrikoak ukatu edo txikiagotu egin dituen emakumeen figurak edo lorpenak.

Beste alde batetik, erakusketara batutako piezarik barrienek erlijinoak eta herri-kulturea aztertzen ditue eta agirian ixten dabe Chicagoren begirada feministearen aberastasuna eta konplexutasuna.

Azkenik, eta barriro be Personala dana politikoa da feminismoaren esaldi ezaguna gogora ekarriz, erakusketearen izenak, Zergatik ez Judy Chicago?, dimensino partikularretik harago joan nahi dau, emakume artisten eta, zehatzago esateko, artista feministen errekonozimendu(ez)aren gaiari heltzeko. Dana dala, erakusketearen izenburuak, bere dimensio partikularrean, beste galdera bat planteetan dau: Zergaitik Arte Feministearen aitzindari ospetsuetako batek, bizirik dagoan AEBetako artista ezagunenetako bat izanda, ez dau lortu oraindino arte-erakunde hegemonikoen errekonozimendua?
 

Osorik irakurri