Mikel Peruarenak jaso dau Literaturako Euskadi Saria, baina jasoteari uko egin deutso

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 8a, 00:00

Saiakerako Euskadi Saria, bestetik, Joxe Azurmendiri emon deutsie, Historia, arraza, nazioa (Elkar) lanagaitik. Ume eta gazte literaturearen arloan barriz, Yolanda Arrietaren Argiaren alaba izan da saritua. Mikel Peruarena Ansa kazetari eta idazle gipuzkoarraren Su zelaiak (Susa) izan da, Euskadi Sariko epaimahaiaren ustez, igaz argitaratutako euskerazko libururik onena. Autoreak uko egin deutso sariari.

Peruarenak Euskadi Sarietako epaimahaiari gutun bidez eskatu eutsan bere lana finalisten zerrendatik kanpo lagatzeko. Halandabe, epaimahaiak aurrera segidu dau erabagiagaz eta, ganera, sari nagusia emon deutso Su zelaiak nobeleari. Hartara, Peruarenak saria jasoteari uko egin deutso. 111 Akademiaren saria jaso ebanean kontraesanak eta ezinegona eragin eutsazala azaldu dau Peruarenak, obra bakar bat besteen ganetik ipintea bidebakotzat joten dauelako.

111 Akademiaren izendapenak sortutako ezinegona handitu egin deutso Peruarenari Euskadi Sarietako erabagiak, daukan oihartzun mediatikoagaitik. Ezinegon hori albo batera itxi nahian eskatu eutsan epaimahaiari finaletik kanpo izteko Su zelaiak.

Autorearen nahia hori ez bada be, Su zelaiak da Euskadi Sarietako irabazlea. Lehen Mundu Gerrako Baionako Infanteriako 49. errejimentuaren kontuak ekarri ditu Peruarenak eleberri horretara, kontakizun gordin baten.

Saiakerearen arloan, bien bitartean, Joxe Azurmendik jaso dau Euskadi Saria. Historia, arraza, nazioa liburuan, nazinoa eta etnia kontzeptuak zehazteko erabilten diran ohiko definizinoak zalantzan ipinten ditu Azurmendik. Ernest Renanen lanetan oinarritu dau bere gogoetea. Azurmendik bigarrenez irabazi dau Euskadi Saria (2009ko Azken egunak Gandiagarekin lanagaitik emon eutsien bestea). 

Yolanda Arrieta bizkaitarrak Bizenta Mogelen bizitzeari buruz idatzi dau Argiaren alaba autoeditautako liburuan. Ume eta gazte literaturearen arloko Euskadi Saria emon deutso epaimahaiak. Ilustrazinoaren sasoian Mogelek kulturgintzan egin eban lana argitara ekarri nahi izan dau Arrietak, emakumeen lana aintzat hartzen ez zan sasoi baten. Euskerazko ipuin-liburu bat idatzi eban. Nobelan, gaur eguneko neska baten ikuspuntutik aurkeztu dau Mogelen figurea Arrietak.

Gaztelaniazko atalean, Martin Olmosek jaso dau, Escrito en negro liburuagiatik.

Osorik irakurri