Idazlea ez eze, kazetaria be bada Aleksievitx. Hatan be, kazetaritza-erreportajearen generoan bielorrusiarrak egin dauen lana saritu nahi izan dau Suediako Akademiak. Sobietar Batasuneko gaiak, Txernobileko istripu nuklearra, gatazkak eta abar jorratu ditu 66 urteko Aleksievitxek.
Jaiotzaz ukrainiarra da Svetlana Aleksandrovna Aleksievitx, Ivano-Frankisk herrian jaio zan 1948an (sasoi haretan Stanislav zan herriaren izena). Bielorrusian hazi eta hezi zan eta, beraz, herrialde horretakotzat dauka bere burua. Kazetaritzea ikasi eban Minsken eta 60ko hamarkadan hasi zan bete-betean idazten, irakaskuntzea alboratu eta kazetaritzeari ekin eutsanean.
Aleksievitxen estiloan, kazetaritzeak eta literatureak bat egiten dabe. Personajeen lekukotzak eta gertakariak tartekatuta osotuten ditu bere liburuak. Gertaeren ikuspegi gizatiarragoa lortzen dau horrela. Nobel sariak emoten dituan akademiak nabarmendu dau, Aleksievitxen testuak polifonikoak dirala, gure sasoietako sufrimenduari eta kemenari monumentua. Gaur eguneko Bielorrusiako gobernua kritikau izan dau sarri Nobel saridun barriak. Aleksievitxek errusieraz idazten dau. Alemanian bizi da.
Lehenengo aldiz, Suediako Akademiak Nobel Saria emon deutso kazetaritza-erreportajea lantzen dauen autore bati. Beste hautagai ezagun batzuk egon diran arren (Haruki Murakami japoniarra eta Estadu Batuetako hainbat autore tartean), Aleksievitx bera izan da faborito handienetako bat saria eskuratzeko.