Federico Leon, Cecilia Bengolea edo Txileko Teatro Errante Konpainia lako nazinoarteko artistak XVII. Bad Jaialdian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 9a, 00:00

Bilboko Udalak antolatutako jaialdia urriaren 21ean hasi eta zemendiaren 1era arte izango da, dagoeneko ohikoak diran BilbaoArte, La Merced, Errekalde Aretoa, La Fundición, Muelle 3, Bilborock eta Garabia Zawp eszenatokietan. BAD-ek hogei konpainia ingururen azken lanak ekarriko ditu Bilbora, horreen artean erabateko zortzi estreinaldi eta Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango diran lau lan. Jaialdiak, lehen aldiz, ikus-entzule gazteei eta umeei arreta berezia eskaintzen deutsen hiru lan aurkeztuko ditu. 

Danetara, programazinoak 12 estreinaldi jasoko ditu (horreetako zortzi erabateko estreinaldiak) eta jaialdiaren lau koprodukzino Cielo Raso konpainiagaz, Errateke-L’especificagaz eta Patricia Caballerogaz –Escenas do Cambio Jaialdiagaz lankidetzan– eta Pablo Fidalgogaz, Terrasako TNT Nuevas Tendencias jaialdiagaz alkarlanean. Proposamenen artean nazinoarteko artistak dagoz, Federico León argentinarra, Ana Borralhok eta Joao Galantek osotzen daben Casabranca konpainia portugaldarra edo Cecilia Bengolea eta François Chaignaud, eta lehen aldiz, nazinoartean oihartzun handia dauen Matxalen Bilbaok jantza garaikideko pieza bat (L´Autre) estreinauko dau BAD-en.
 
Aurtengo programazinoaren ezaugarrien artean azpimarragarria da euskal sorkuntza barriaren barruan sar daitekezan konpainien presentzia garrantzitsua. Euren azken lanak aurkeztuko ditue ikus-entzuleen aurrean, batzuetan Frantziako, Kataluniako edo Portugalgo beste artista batzuekaz alkarlanean; esangura horretan, Beatriz Setiénen Bombón coreográfico, Idurre Azkueren Bailar por bailar eta Erretekeren Erbeste erabateko estreinaldiak izango dira.

Programazino eszenikoa irailaren 22an hasiko da La Fundición eta La Merced eszenatokietan, bi euskal konpainiagaz, hain zuzen be: Coletivo Qualquerren Gag jantza ikuskizuna, Euskadin bizi dan Luciana Chieregati brasildarrak interpretautakoa, eta jantza eta antzerkia buztartzen dituan Natxo Montero jantzari eta koreografo bilbotarra, Barbecho proposamenagaz.

Euskal proposamenen artean, azpimarragarriak dira, baita be, Xabier Mendigurenen testua dauen Amodioaren ziega, oraintsu sortu dan eta Nazaret Froufe, Urki Muguruza, Joana Ocaña eta Eneko Sagardoy antzezleek osotzen daben Lauka Teatroa konpainiak eskainiko dauen euskarazko antzezlana (24an, La Merceden); eta urriaren 29an, Errekalde Aretoan estreinauko dan Idurre Azkueren Bailar por bailar, Joseba Irazokiren musikea dauen jantza piezea, BilbaoEszenaren laguntzinoa be badauena.

L´Autre ikuskizunaren erabateko estreinaldiari jagokonez, azpimarratu behar da sortzaile lez emon dituan 15 urteetan Matxalen Bilbaok hiztegi propioa sortu dauela, bere pentsamendua sakontzeko eta garatzeko interesean oinarrituta. Haren lan azpimarragarrienak Gear (2015), Self (2013), Sast! (2009), Haiku4 (2007), Capricho (2005), Lotura (2004) eta Mutis (2003) dira.

BAD 2015eko programazinoak erabateko beste bi estreinaldi interesgarri be jasoko ditu, ibilbide luzeko María Muñoz-Mal Pelo eta Niño de Leche konpainien eta Patricia Caballeroren eskutik. Lehenengoek, flamenkoaren eragina dauen Siete lunas aurkeztuko dabe Bilbon (urriaren 23an La Merceden).

Patricia Caballerori jagokonez, gorputzari eta kontzientziari buruzko jardunbideen eta azterlanen aurreko interesa erakusten dau gorputzaren bitartez. Bere azken ikuskizuna, Barrunto, urriaren 31n estreinauko da La Merced aretoan.

Beste alde batetik, Atzerriko konpainiek eskainiko dituen ikuskizunei erreparauta, azpimarragarria da Euskadin lehen aldiz ikusi ahal izango dan Federico Leónen (Argentina) Las ideas antzezlana. Lan honek errealidadearen eta fikzinoaren arteko mugak lantzen ditu, eta sorkuntza prozesu baten intimidadea jarten dau eszena gainean. Ikus entzuleak urriaren 27an ikusi ahal izango dabe La Merceden.

Teatro Errante txiletarrari jagokonez, Yo maté a Pinochet antzezlana ekarriko dabe Bilbora urriaren 28an, La Merceden.

Era berean, jantza garaikideko programazinoaren barruan, Estaduan lehen aldiz ikusi ahal izango dan Cecilia Bengolea argentinarraren eta eszenatoki gainean ohiko kide dauen François Chaignauden Dub love ikuskizuna azpimarratu behar da. Bilboko ikus-entzuleek La Mercedeko eszenatokian ikusi ahal izango ditue urriaren 30ean, gaueko 21:30etik aurrera.
 

Umeentzako ekitaldiak

Barrikuntza legez, Bilboko Antzerki eta Dantza Garaikide Jaialdiak umeei eta gazteei arreta berezia eskainiko deutsen hiru lan aurkeztuko ditu lehen aldiz.

La naturaleza y su temblor proiektuak performance ibilaldia dakar Idoia Zabaleta koreografo arabarraren eskutik, Tomas Aragayk eta Sofia Asenciok osotutako Societat Doctor Alonso konpainia katalanaren laguntzinoagaz. Umeei (8 urtetik 14 urtera) zuzendutako ibilaldi gidatua izango da, eta partaide bakotxak, kasko batzuen bitartez, zenbait soinu input jasoko ditu, eta horreek errealidadea ikusteko modua eraldatu egingo dabe.

Macarena Recuerda artisteak, bere aldetik, Collage tailerra aurkeztuko dau umeentzat. Jarduerea, 6 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta eta izen bereko pieza artistikoari lotuta egongo da. Jarduerea urriaren 25ean, domekan, izango da, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:30ak arte, Errekalde Aretoan. Proiektu horrek eta Idoia Zabaletarenak, BilbaoEszenaren, Bilboko Udalaren Baliabide Eszenikoen Zentroaren, Artistak Egoitzan deialdiaren laguntzinoa jaso dabe.

Amaitzeko, urriaren 31n, Bilborockek, Ana Borralhok eta Joao Galantek osotzen daben Casabranca konpainia portugesaren lanaren estreinaldia jasoko dau. Oraingo honetan, Bilboko nerabeakaz eta BAD-egaz beragaz lankidetzan egindako lana proponiduten dau. Pieza eszeniko horren protagonista Ibarrekolanda institutuko Batxilergo Artistikoko ikasle talde bat izango da. Artistek BAD jaialdirako zuzenduko daben tailerrean hartuko dabe parte, urriaren 25etik 30era. Ikuskizun horrek eta umeei eta gazteei zuzendutako ganerako guztiek 5 euroko prezio berezia izango dabe.
 

Profesionalentzat

BAD-ek lekua gordeko dau prestakuntzarako eta profesionalen arteko esperientzien trukaketarako. Esangura horretan, Muelle 3k, Federico León argentinarrak zuzenduko dauen objektu personalakaz esperimentetako tailerra jasoko dau urriaren 28tik 31ra, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Tailerrak antzezpena, idazketea eta zuzendaritzea buztartuko ditu, errealidadeko elementuak erabiliz fikzinoa eregiteko aukerei buruz sakonduz. (Prezioa 90 euro, izen-emoteak eta informazinoa info@muelle3.org helbidean).

Euskadiko Jantza Alkarteak (ADDE), bere aldetik, dagoeneko ohikoa dan topaketea egingo dau jantza alorreko profesionalakaz eta sortzaileak, kudeatzaileak eta abangoardiako arte eszenikoakaz lotutako beste agente batzuk alkartzeko asmoz.

Ikuskizun guztiek 10 euroko prezioa izango dabe txarteldegian erostean, eta 8 euro aurretiko salmentan erosten badira. Aurreko edizinoetan lez, BONOBAD erosteko aukerea egongo da, 20 eurokoa (3 ikuskizun) eta 50 eurokoa (10 ikuskizun). Prezioei, aurretiko salmenteari eta erreserbei buruzko informazino guztia jaialdiko webgunean jaso daiteke, eta, urriaren 14tik aurrera, Errekalde Aretoan egongo dan informazino bulegoan.

Osorik irakurri