Saio berezia eratu dabe urriaren 14an Villabonako Subijana Etxean, Bertsozale Elkartearen eta Mintzola fundazinoaren egoitzan. Izan be, Maialen Lujanbio eta Andoni Egañagaz batera, Martin Goicoetchea eta Johnny Curutchet Amerikako euskaldunak be oholtzan egongo dira. Holan, diasporako bertsolariakaz hartu-emona estutu ahal izango da. Egunotan, beste hainbat jardueratan be parte hartzen dabilz ordezkari euskal-amerikarrak.
Astebete inguruko egonaldia egingo dabe Goicoetcheak eta Curutchetek. Eurakaz batera, San Frantziskoko (AEB) Euskal Etxeko Frantxua Bidaurreta be Euskal Herrian dago. Egonaldiaren zati handi bat Ipar Euskal Herrian pasetan dabilz hiru euskal-amerikarrak. Urriaren 13an, esate baterako, Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioan izango dira, Iparraldeko bertso-eskolak ezagutzen. Ondoren, Senperen, Bertsolari filma ikusiko dabe, Amets Arzallus eta Julio Soto bertsolarien laguntzinoagaz.
Kontuan euki behar da, Kaliforniara joandako euskaldun asko Lapurdi eta Nafarroa Beherekoak zirala eta disporako euskaldun askoren zuztarrak han inguruan dagozala. Halandaze, Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoin eta Daniel Landart hiru bisitariei laguntzen dabilz egunotan.
Urriaren 14an, eguaztena, Villabonako Subijana Etxea bisitauko dabe Goicoetchea, Curutchet eta Bidaurretak. Bertsozale Elkarteak, Mintzolak eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak egiten daben lana bertatik bertara ezagutu ahal izango dabe. Iluntzeko 19:00etan izango da bertso-saio berezia. Karlos Aizpurua gai-jartzaile dala, bertsotan ibiliko dira Goicoetchea eta Curutchet amerikarrak eta Lujanbio eta Egaña gipuzkoarrak. Doban sartu ahal izango da saioan.
Hilaren 15 eta 16an atzera be Lapurdi aldean ibiiko dira diasporako kideak, bisitaldi, mahai-inguru eta bestelakoetan parte hartzeko. Urriaren 17an, bidaiako azkanengo egunean, Nafarroa Beherera egingo dabe salto, Baigorrin Hernandorena sariketea ikusteko.