Arteak hartuko dau Bilbo asteburuan, 'Bilbao Art District'-en eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mai. 13a, 07:45

Hirugarren urtez, Bilboko arte galeriek atea zabalduko deutsie herritar guztiei, Bilbao Art District ekimenagaz. Museo, unibertsidade, ostalari, merkatari eta erakunde publikoen laguntzinoagaz, arteari eskainitako asteburua eratu dabe urriaren 16 eta 17rako eta udagoienean galerietan egongo diran erakusketak aurkeztuko ditue. Berbaldiak, bisitaldi gidatuak, tailerrak eta abar be antolatu ditue.

Arteaganako pasinoa biziteko asteburua izango da, azpimarratu dau Bilboko Udaleko zinegotzi Nekane Alonsok. Izan be, galeriek ekintza ugari antolatuko ditue, herritarrak erakarri eta sektoreari bultzadea emoteko asmoz. Nazinoarteko 13 artistak parte hartuko dabe. Aya Eliav israeldarra, Suso33 madrildarra, Javier Arbizu eta Karlos Martinez B. euskal herritarrak eta beste asko konbidau ditue euren proposamen artistikoak Bilbon aurkeztera.

Era berean, Bilboko galeriek asteburu berezi hori aprobetxauko dabe udazkeneko bilduma eta erakusketa barriak zabaltzeko. Guztira, hamaika galeriak egin dabe bat ekimenagaz. Aitagarria da Kalao galeriak hamar urte bete dituala eta hamarkada bateko ibilbidea jasoten dauen atzera-begirakoa aurkeztuko dauela. Galeriakaz batera, uriko museo nagusiek eta unibersidade publikoak be bat egin dabe egitarauagaz.

Erakusketez gan, era askotako proposamenak dakarz Bilbao Art Districtek. Esate baterako, Windsor Kulturgintza galeriak Ramon Churruca eta Fausto Grossiren La Nueva Europa performancea aurkeztuko dau hilaren 17an. Sorpresa handia izango da, aurreratu dau Roberto Saenz de Gorbea galeriako arduradunak. Uriko eraikin ezagunetara egingo diran lau bisita gidatuak be aitagarriak dira. Herritarrek Ibaigane Jauregia, Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa eta Erriberako merkadua bisitau ahal izango ditue, doban.

Egitarau zabala gida baten jaso dabe, Sartu, artea baino ez da izenburupean. Doban banatuko ditue 15.000 ale, turismo bulegoetan, galerietan eta museoetan. Gida hori ikusteko, egitarau osoagaz, klik hemen.

Bilbao Art Districtek hiru helburu daukaz: Belaunaldi barriak artera erakartea, bildumagintzarako interesa sortzea eta Bilboko kultur zirkuitua sendotzea. Galerietako ateak zabal-zabalik eukiko doguz, urteko ganerako egunetan be zabalik dagozala gogora ekarteko, azaldu dau Lorea Bilbao Bizkaiko kultura diputaduak. Galeriak ez dira gitxi batzuentzako lekua, artea danoi zabalik dago, ganeratu dau.

Gazteak be gogoan daukiez Bilbao Art Districten, artearen etorkizuna diralako. Artearen txinpartea gazteengan biztu nahi dogu, artistek egiten dabena ezagutzeko jakinmina euki daien, dino Bilbaok. Bilboko artearen sektorea indartu eta batzeko helburua be badauka ekimenak, Nekane Alonso zinegotziak adierazo dauenez: Uriko agente artistiko guztiak aintzat hartzea da asmoa. Ganera, galeria gehienak erdigunean dagozan arren, artea auzo guztietara zabaltzeko ahalegina egiten dabe. 

Alderdi kultural eta ekonomikotik aportazino handia egiten dau arteak Bilbon eta zeregin horretan garrantzia handia daukie galeriek. Horregaitik, babestu egin nahi ditu Bilbao Art Districtek. Bilbon galerien eta artearen sektoreak presentzia handia euki dau beti eta holan segidutea nahi dogu, adierazo dau Saenz de Gorbea galeristeak. Asteburu hau amua izango da, urte guztian arteaz gzoetako, ganeratu dau Bilbaok.

Osorik irakurri