Lehenengo aldiz, nahi daben herritarrek boluntario lan egin ahal izango dabe Durangoko Azokan, abenduaren 4tik 8ra. Lan administratiboa, komunikazinokoa, teknikoa eta abar egin ahal izango dira, bakotxaren ezagutzen arabera. Herritarrei Durangoko Azokea barru-barrutik ezagutzeko aukerea emon nahi jake eta, bide batez, azokearen antolakuntzeari bultzadatxua emon. Urriaren 31ra arte emon leiteke izena.
Durangoko Azokeak 50. urteurrena beteko dau aurtengoan. Efemeride biribil horretan azoka biribilak urten daian, herritarrei dei egin deutse antolatzaileek, modu boluntarioan lagundu daien. Azokeak aurten bost egun, ohikoa baino bat gehiago, izango dituan ezkero, antolatzaileei ondo etorriko jake herritarren parte-hartze aktiboa. Trukean, azokea barrutik ezagutzeko aukerea eukiko dabe boluntarioek eta kulturgintzako sortzaile eta eragileakaz hartu-emona egin ahal izango dabe.
Boluntarioen zereginak hiru ataletan banatzen dira:
Arlo administratiboa: Parte-hartzaileen erregistroak, akreditazinoak, liburu eta diskoen sailkapenak eta abar. Administrazinoaz edo ofimatikaz zeozer dakienentzat da atal hau.
Arlo teknikoa: Antolaketa logistikoari lotutako zereginak. Esate baterako, aparkalekuak jagon, azokako ateak zabaldu eta zarratu eta abar.
Komunikazinoa: Azokearen informazinoa zabaltzeko ekintzetan laguntzea. Informazinoa emoteko eta esatari jarduteko be beharko dira boluntarioak.
Boluntario izateko asmoa daukanak izena emon behar dau urriaren 31 baino lehen. Azokearen webgunean dagoan galdetegia bete beharko da izena emoteko. 18 urte beteta euki behar dira eta euskeraz ondo jakin behar da boluntario izateko. Boluntario taldeko koordinatzaileek boluntario guztiakaz egingo dabe berba, bakotxaren zereginak zehazteko.
Hiru edo lau orduko txandatan banatuko dabe boluntarioen lana. Bakotxak txanda bat, edo gehiago, egin ahal izango dau. Boluntarioek motxila bana jasoko dabe, uragaz eta hamaiketakoagaz.