Urriaren 14tik 16ra egingo da Bilbao Web Fest jaialdiaren lehenengo edizinoa. 23 herrialdetako ehun websail erakutsiko ditue, sail ofizialean eta Ametsak sailean banatuta. Arlo bietan makina bat sari banatuko ditue. Internet, teknologia barriak eta sormen industriaren eremuetan Bilboren aldeko apustua egitea da jaialdiaren helburua eta gero eta egile gehiago batzen dituan sektoreari bere lanak erakusteko plataformea eskaintzea.
Websailak telesailen modukoak dira baina, telebistarako barik, interneterako sortuta dagoz, sarearen bidez zabaltzeko. Azkanengo urteotan gorakada nabarmena euki dauen sektorea da websailena. Formatuaren eztanda moduko baten gagoz orain, gero eta websail gehiago dagoz, baten batzuek milioi bat ikusle batu ditue, azaldu dau Rose of Dollsek, websailen egile eta jaialdiaren antolatzaileak.
Euskal ikus-entzunezkoen etorkizuna orain eregiten gabilz, dino Rose of Dollsek. Horregaitik, websailen jaialdi bat Bilbon sortzeko aukera polita ikusi dabe mundu horretan dabilzan hainbat sortzailek. Urriaren 14tik 16ra egingo dabe jaialdia. Miami, Los Angeles, Rio de Janeiro, Marseilla eta Londresegaz batera, nazinoarteko zirkuituan sartuko da Bilbo modu horretara.
Ehun websail aukeratu ditue lehenengo edizinorako. Horreetatik 40, sail ofizialean lehiatuko dira. Ametsak izeneko sailean dagoz ganerakoak. Websail bakotxaren kapitulu bat proiektauko dabe jaialdian, EHUren Bizkaia Aretoan egingo diran saioetan. 23 herrialdetatik etorritako sormen lanak ikusi ahal izango dira eta danen artean 33 sari banatuko dira, 22 sail ofizialean eta 11 bestean: Websail onenari, zuzendari onenari, gidoi onenari eta abar. Ganera, trailerren eta trailer faltsuen sariketa berezi bat eratu dabe. Euskal Web Awards diralakoak Guggenheim Museoan egingo dan galan banatuko ditue, urriaren 16an (21:00).
Proiekzinoak ez eze, ekintza ugari antolatuko dira Bilbao Web Festegaz lotuta. Berbaldiak, mahai-inguruak, bisita turistikoak eta kontzertuak egongo dira, besteak beste. Eduki digitalen topaleku bihurtu nahi dogu jaialdia, azaldu dau Rose of Dollsek.
Nora Sarasola Bilbao Ekintzako zuzendari nagusiaren esanetan, era honetako jaialdi bat apustu garbia da Bilbo eta Bizkaiaren izena nazinoartean zabaltzeko. Teknologia barriak etorkizun handiko apustua dira Bizkaian, enplegua sortu eta ekonomia bultzatzen dabelako, dino Sarasolak. Teknologia barrien esparruan Bilbo eta Bizkaia erreferente bihurtu nahi ditue. BEAZ erakunde publikoa be jaialdiaren bultzatzaile da.
Bilbao Web Festek lau helburu nagusi daukaz, erakunde publikoen ikuspegitik: Jarduera ekonomikoa sortzea, gazteen artean enplegua sortzea, internet Euskadin zabaltzea eta Bilbo eta Bizkaiaren markea ezagutzera emotea.