Mundubat garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak (GGKE) emakumeen erabagiteko eskubidearen aldeko #Somostodasnosotras #Emakumeguztiokgara kanpainea jarriko dau abian eguenean, urriaren 15ean, Tirante Plataformeak Bilboko Unamuno plazan arratsaldeko 18:00etan egingo dauen performance baten bitartez.
Erakundeak jakinarazo dauenez, Ane Garay Zarragak egin eta kanpainearen oinarria dan Aborturako eskubidea erantzun patriarkalaren aurrean ikerlana aurkeztuko da ekitaldian, baita El Salvadorreko, Ekuadorreko eta Nikaraguako kasu adierazgarriak postal moduan irudikatzen dituen irudiak bere.
Gaur egun, mundu zabalean ugalketa-edadean dagozan (15-44 urteko) emakumeen % 21 bizi dira haurdunaldiaren borondatezko etenaldia bizirako arriskua dagoanean bakarrik baimentzen daben herrialdeetan. % 6, ostera, abortua erabat galarazoten daben herrialdeetan bizi dira; eta gehienak, herrialde pobreetan.
Latinoamerikan desbardintasun sozialak handi-handiak dirala kontuan hartuta, herri-sektoreetako emakumeek, indigenek, baltzek eta, batez be, landa-ingurunean bizi diran emakume pobre-pobreek nahi ez dituen haurdunaldiakaz edo aurrera eroaterik ez daben haurdunaldiakaz jarraitu behar dabe derrigor. Bestela, ezkutuan abortau behar dabe, eta, holakoetan, euren bizirako zein osasunerako arrisku handiak dagoz. Segurua ez dan abortuan arazoak sortzen diranean, emakumeek osasun-zerbitzu publikoetara jo besterik ez dabe, eta, bertan, salatu eta atxilotu egiten ditue sarritan.
Kontuak kontu, kanpaineak hamar eguneko iraupena izango dau, eta helburua sare sozialetan emakumeen kasuak zabaltzea da, alkartasunerako zein babeserako mezuen bidez, eta postal birtual moduan konpartiduteko eskatuko jake erabiltzaileei. Kanpainea amaitutakoan, babeserako mezuak modu fisikoan bialduko jakez euren herrialdeetan emakumeen erabagiteko eskubidearen alde lan egiten daben erakundeei, material hori nazinoarteko tresna politiko moduan erabili deien.