Zazpi emonaldi izango dira 25. Bertsoaroan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 15a, 00:00

Urriaren 22an hasi eta zemendiaren 12ra bitartean, berbaldi bat, Hor Konpon Marianton eta Bertsolaritzaren Sekretuak emonaldi bereziak, 2ZIO rap kontzertua eta hiru bertso saio eskainiko dira Iruñean.

Iruñeko Udalagaz alkarlanean, Bertsoaroa zikloaren 25.edizinoa ospatuko da aurtengo udagoienean. Urriaren 22an emongo jako hasierea programazinoari, Jose Mari Esparzaren berbaldiagaz. Jota heretikoak: Nafarroa hegoaldeko bertsolaritzea izenburupean, jotek inprobisazinoagaz izan daben loturez egingo dau berba. Kondestablearen Jauregiko Civivox berbaldi aretoan izango da, arratsaldeko 19:30ean.
   
Urriaren 24an, Iruñeko Udalaren umeentzako euskerazko programazinoaren barruan, Hor konpon Marianton emonaldi berezia eskainiko da. Oskar Estanga eta Hodei Unzuetaren eskutik umorea, bertsoak eta txotxongiloak nahasten dituan umeentzako emonaldia izango da ikusgai. Civivox Mendillorri zentroan bi pase eskainiko dira; 12:00etan lehenengoa eta 18:00etan bigarrena.

Urriaren 27an, barriz, Bertsolaritzaren Sekretuak: isilduriko emakumeen historia ekitaldiaren txandea izango da, Kondestable Jauregiko Civivox patioan arratsaldeko 19:30ean. Jokin Labaien, Oskar Estanga, Hodei Unzueta eta Idoia Nobleren eskutik, emakume bertsolariek historian zehar egindako lanak eta bizitako egoerak narrazinoz, bertsoz eta musikaz erakutsiko deuskuez.

Urriaren 29an, lehenengo bertso-saioa eskainiko da. Ohiko eran, Gurutzeko Plazako institutuko areto nagusian izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita. Oholtzan sei bertsolari: Julen Zelaieta, Julio Soto, Eneko Fernandez, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga. Aurkezle lanetan, barriz, Fernando Anbustegi.

Zemendiaren 3an, bertsolari gazteen bertso-saioa izango da. Aurten Kondestable Jauregiko Civivox patioan egingo da eta seikotea bertsolari nafarrek osotuko dabe: Saioa Alkaiza, Iker Gorosterrazu, Amaia Elizagoien, Ioar Tainta, Mikel Lasarte eta Alazne Untxalok kantauko dabe eta Joseba Beltza izango da aurkezlea.

Zemendiaren 5ean, 2ZIO talde lapurtarraren rap kontzertua eskainiko da Zentral aretoan, arratsaldeko 19:30ean hasita. Taldea osotzen daben Odei Barroso, Gorka Rodriguez eta Jo Olascuagak Bideak izeneko bigarren diskoa aurkeztuko dabe.

Zemendiaren 12an, azken bertso-saioagaz emongo jako amaierea Bertsoaroa zikloari. Gurutzeko Plazako institutuko areto nagusian arratsaldeko 20:00etan honako sei bertsolariak iznago dira kantuan: Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes Itturri, Amets Arzallus, Uxue Alberdi eta Jon Maia. Alaitz Rekondo izango da aurkezlea.

Emonaldi guztiak dobakoak dira Iruñeko Udalaren umeentzako programazinoko Hor konpon Marianton ekitaldia kenduta (3€). Gurutzeko Plazako bertso-saioetarako, barriz, gonbidapenak banatuko dira, saioak hasi baino ordubete lehenagotik.

Osorik irakurri