'Inoiz egin dugun diskorik onena', Ze Esatek taldearen lan barria

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 15a, 00:00

Izenburuak dinoan moduan sekula egin daben diskorik onena ete dan ez dabe erabat argitu Ze Esatek talde gipuzkoarreko kideek, Donostian egindako aurkezpenean. Halandabe, euren ibilbidean pilotutako esperientziak disko biribilagoa egiten lagundu deutse. Gizarte arloko gai asko modu kritikoan aitatzen ditue diskoko hamar abestietan eta musika koloretsuagoa be lortu dabe.

Estudioko laugarren diskoa dau taldeak Inoiz egin dugun diskorik onena. Tolosako Bonberenean grabau dabe eta Bonberenea Ekintzak-en eta Mirentxu Records-en zigiluagaz argitaratu dabe. Egindako lanagaz gustura geratu dirala dinoe taldekideek. Jokin Gilisagasti bateria-jotzailearentzat, lehenengo diskoa izan da Ze Esatek-egaz.

Aurreko diskoakaz alderatuta, aldaketatxua dakar Inoiz egin dugun diskorik onena honek. Ska-reggae eta punk-rock doinuak berreskuratu ditue, batez be Estadu Batuetako taldeen estiloari begiratuta. Haize-instrumentu gehiago be entzuten da donostiarren lan barrian. Emoitzea koloretsuagoa dala dinoe taldekideek.

Aurreko diskoetan legez, disko barrian parranda giroko pasadizoek lekua daukie. Gizarte arloko kritikea da, baina, tematika nagusia. Era askotako albiste, gertakari eta egoerei kritika garratza egiten deutse, normalean sarkasmoa erabilita: Lagunen arteko hartu-emonak, norbere gorputza gurtzen daben personak, politikarien eta enpresa handien arteko loturea, amaiera polit bako maitasun kontuak eta abar, inor ez da euren kritikatik libre geratzen.

Joseba Sarrionandiaren testu baten oinarrituta dago, beste alde batetik, Pianistaren heriotza kantea. Ezin zaitut jasan abestian, ostera, Talco talde italiarraren laguntzinoa euki dabe. Garazi Esnaolaren pianoaren doinuak be diskoan entzun leitekez.

Ze Esatek-ek Tolosako Bonberenean ekingo deutso Inoiz egin dugun diskorik onena aurkezteko bireari, zemendiaren 14an. Gero, Donostiako Intxaurrondon (27an), Durangoko Azokako Ahotsenean (abenduaren 6an), Bilboko Stage Live-n (11n), Gasteizko Jimmy Jazz aretoan (urtarrilaren 16an) eta Ondarroako Portuko Ranpin (23an) joko dabe.

Osorik irakurri