Urdinarbeko kantariak zuberotar tradizinoaren arrastoei eutsi deutse disko barrian be, kantutegiaren bitartez, sustraiagaz lotzen gaituen katebegiak argitzeko eta transmitiduteko ahalegin bikaina eginez. Mixel Etxekopar zuberotar sortzailearen laguntzaz, kantuen bitartez kontakizun ederra lortu dau Jean Mixelek, naturearen usainak eta kanturako doeak borborka eta eskuzabal eskaintzen ditualarik.
Belatxa izeneko hau, Jean Mixelek inoiz produzidu dauen diskorik mamitsuena dogu. Bertan, inspirazinorik garbienak batu nahi izan balitu legez, gomutarik gustokoenak, doinurik maiteenak, sustraien erreferentziaz eta naturearen usainaz atonduta.
Jakin badaki Jean Mixelek ondarearen trasmisinoaren indarra eta gaitasuna interpretazinoaren barruan dagoala; eta horren zerbitzuan jarri ditu ahalegin eta abilezia guztiak, fideltasunari eutsiz, kantuaren berezko magiak barrutik hartu gaizan.
Errepertorioaren aukeraketea eta kantuen ordena oso garrantzitsuak dira lan honetan, modu sotil eta eskuzabal batez baitoa bere hegalak zabaltzen, gordeta dituan koloreak, maitemiñak eta gomutak gure zentzumenen gozamenerako, hiru zutaberen gainean oinarrituta: Belatxa, Agur Maria eta Bereteretxeren Kantorea.
Iradier konpositorearen Ürzoa kantuaren bersino kuttun egokitu batez zarratzen dau diskoa Urdiñarbeko kantariak, habanera sasi-klasikoen modura emonik, Nestor Basterretxea lagunaren memoriari eskainia.
Atsegina da a capella-n abestutakoak eta kantu musikatuak tartekaturik jasotea. Lan honetan, Mixel Etxekopar (ahotsa, xirula eta ttunttuna) eta Sacha Standen (arrabita, pianoa eta moldaketak) izan ditu lagun.
Lanaren hasieratik azkeneraino, tradizinoaren indarra nagusitzen da aurrerabidea zabaldu guran, kantuaren babesean, etorkizuneko Euskal Herriari begira.
Jean Mixel Bedaxagar (Urdiñarbe, 1953)
Zuberoako kulturearen eta ahots tradizino aberatsaren ordezkari aparta dogu Jean Mixel Bedaxagar. 1976an abestu eban lehen aldiz jentaurrean eta 1983an grabau lehen diskoa. Edozelan be, osasun arazoakaitik, kantugintzea baztertua izan eban hainbat urtez. Zuberoako pastoraletan esperientzia handia dauka Bedaxagarrek. 1988an, Agustin Xaho euskaltzalearen bizitzan oinarritutako pastorala idatzi eban, eta oraintsu Ama ikuskizuna landu eta aurkeztu dau, Etxahun Iruri Bedaxagarren maisua eta Gaiarre gogora ekarten dituan lana.