Hansel Cereza sortzaileari eskatu deutsie Donostia 2016ren inaugurazinoko ikuskizun nagusia sortzeko

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 16a, 00:00

Donostia 2016 Fundazinoak Hansel Cereza artisteari eskatu deutso urtarrilaren 23an ospatuko dan inaugurazino ekitaldiko ikuskizun nagusia sortzeko. Urtarrilaren 18tik 24ra bitartean izango da inaugurazino astea, eta ekitaldien artean San Sebastian egunak be tokia izango dau.

Donostia 2016ko arduradunek jakinarazo dabenez, Fura dels Baus konpainiako kide ohia dan Hansel Cerezak jaso dau inaugurazinoko ekitaldi nagusia sortzeko enkargua. Urtarrilaren 23an, iluntzean, uriaren erdialdean edade guztietako ikusleek gozauko daben ikuskizun bisual bat egingo da, DSS2016EUren balioak irudikatzeko diseinautakoa.

Hansel Cerezak 30 urte baino gehiago daroaz lanean eta barrikuntza eta adierazpen proposamen barriak emon deutsoz ikuskizunaren munduari. Bere lana talde sorkuntzan oinarritzen da, eta horrek hainbat adierazpen jokera eta moduren bidez esperimentetako pasinoa dauen talde sortzailearen izakerea emoten deutso.

Haren ibilbide luzea 1980ko hamarkadan hasi zan, Fura dels Baus konpainiaren sorrera taldeko kide izan zanean. Konpainia horretan 20 urtetik gora egin ditu, arte sortzaile eta antzezpen zuzendari legez. Urteetan jantza, antzerki eta zirku emonaldiak eta ekintza komertzialak zuzendu ditu, baita nazinoartean entzutetsuak izan diran ekintza erraldoiak eta inaugurazino ekitaldiak be. Antolatu dituan emonaldi nagusien artean dago 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoen inaugurazinokoa. Cirque du Soleil konpainiak Las Vegasen aurkeztutako Love emonaldiaren sorkuntza taldearen kide be izan da.

Era berean, 2013an, Oreka TX txalapartarien, Kalakan ahots hirukotearen eta Kukai jantza taldearen zuzendari izan zan jantza, musika, kantua eta herri kirola buztartu zituan Herritmo ikuskizunean. Urte berean, futboleko Afrikako Kopearen (Ekuatore Ginea) eta Ameriketako Kopearen (Santiago) inaugurazino zeremoniak zuzendu zituan eta, oraintsu, 2015eko Milaneko Expoan, National Day of Kuwait ikuskizunaren arduradun be izan da.

Urtarrilaren 18tik, uriko kultur eragileek euren babesa emongo deutsie inaugurazinoari, horretarako diseinautako ekintza bateratuen agendearen bidez, izan be, Kultur etxeek, kontzertu aretoek edota galeriek ondoetorria egingo deutsie kulturearen urte handiari eta proposamen bereziak eskainiko ditue. Esangura horretan, urtarrilaren 19ko gauean, tanbor hotsakaz batera, Uriburutzeak eta herriko jai handiak bat egingo dabe ekitaldi berean. Umeen tanborradan konpainia barri bat izango da: lehenengo aldiz, beste uri bateko, 2016an Donostiagaz batera Europako Kultur Uriburua izango dan Poloniako Wroclaweko neska-mutilek bat egingo dabe umeen tanborradeagaz, Sarriegiren konposizinoen erritmora.

Alderdi Ederren pantaila erraldoiak jarriko ditue, Donostiako eta Wroclaweko tanbor hotsak jarraitu eta bi urien Uriburutzea ospatzeko. Banderea bajatzeak inaugurazinoaren sugarra amatau beharrean, hainbat eragilek diseinautako programazino bereziari bidea emongo deutso. Eragile horreek guztiek euren indarra DSS2016EUren hasiereagaz batuko dabe.

Bestalde, Energia Olatuak Donostia 2016k herritarren kultur ekimenak sustatzeko abiarazo dauen programea da, eta inaugurazinoan, ekimenaren aparteko deialdi bikotxeko irabazleek hartuko dabe parte. Topaguneak izango da gaia, eta 2.016 euroko hamar laguntzino eta 20.160 euroko beste laguntza bat emongo jakez desbardinen arteko loturea sustatzen daben proiektuei.

Aparteko diru-laguntzino hori eskatu nahi daben proiektuak bariku honetatik, urriaren 16tik zemendiaren 16ra bitartean aurkeztu behar dira, eta ebazpena zemendiaren 26an jakinarazoko da. Proiektu eskatzaileak, topaguneen sustatzaileak izateaz gan, 2016ko urtarrilaren 21etik 24ra gauzatu beharko dira, osorik edo zati batean.

Osorik irakurri