Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa egingo dauen lantaldea eratu da

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 16a, 00:00

Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa egingo dauen lantaldea eratu da Eusko Legebiltzarrean. Taldeak parlamentu-lexikoa bateratzea dau helburu, ondoren Hiztegi Juridiko-Parlamentarioa osotu ahal izateko. Hiztegi horretan zuzenbide parlamentarioaren alorrean erabilten diran terminoak jasoko dira.

Lantaldea Euskaltzaindiak koordinauko dau eta Eusko Legebiltzarreko, Nafarroako Parlamentuko, Eusko Jaurlaritzako IVAPeko eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako kideek osotuko dabe. Gotzon Lobera eta Eneko Oregi izango dira, hurranez hurran, lantaldearen koordinatzailea eta idazkaria; biok Euskaltzaindiaren izenean parte hartuko dabe. Horrezaz gan, erakunde bakotxak ordezkari bana izango dau: Jesus Mari Agirre Eusko Legebiltzarraren ordezkaria izango da; Ander Irizar, Nafarroako Parlamentuarena; Maite Imaz Eusko Jaurlaritza, Herri Administrazino eta Justizia Sailarena; Juan Luis Derteano Bizkaiko Batzar Nagusiena; Miren Irigoien (ordezkoa, Aitziber Eizagirre), Gipuzkoako Batzar Nagusiena; eta Ainhoa Sagardui Arabako Batzar Nagusiena.

Lantaldeak bi fasetan egingo dau bere beharra: batetik, erakundeetako ordezkariek aurkeztutako datu-glosategiakaz egingo dau lan eta horretarako Euskaltzaindiak behar dauen laguntza teknikoa eskainiko deutse; bestetik, adituen proposamenak aztertu eta horreen ganeko erabagiak hartuko ditu.

Hori eginda, oinarrizko hiztegi juridiko eta parlamentarioa egingo da eta Euskaltzaindiaren Osoko bilkureari aurkeztuko jako. Azkenik, Euskaltzaindiak onartu ondoren, hiztegia aurkeztuko dabe eta argitalpen elektroniko bitartez zabaltzea da asmoa.

Esku artean dozuen lana estrategikoa da guretzat, Eusko Legebiltzarrarentzat, euskereak batzen gaitu azpimarratu dau Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko lehendakariak. Andres Urrutia Euskaltzainburuaren berbetan, holako egitasmoak landu behar dira, izan be, euskerea bat eta bakarra dogu.

Osorik irakurri