- Zuzendaria eta gidoilaria: Asier Altuna.
- Aktoreak: Iraia Elias, Kandido Uranga, Klara Badiola, Ander Lipus, Manu Uranga, Amparo Badiola, Nagore Aranburu
- Produkzinoa: Txintxua Films
- Musikea: Javi P3z, Mursego
- Iraupena: 103 min.
- Herrialdea: Euskal Herria.
- Generoa: dramea.
Donostiako Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazitako Amama euskeraz filmau zan eta holan ikusi behar da, nahiz eta erderara be bikoiztu dan. Asier Altunaren filmak baserriaren mundua zelan desagertzen doan kontetan dau, poetikoki eta modu eder batean kontauta.
Bi dira filmaren pisua daroen personaiak: aita (Kandido Uranga), etsiak hartuta bere antxinakoen modu-bizitza betiko desagertuko dala aurreikusten dauen gizon burugogorra, eta alabea (Iraia Elias), emakume modernoa, familiaren ardi-baltza, baina itsasontzia bertan-behera ixten ez dauen bakarra. Bigarren plano batean, baina nork bere parteari zukua atarata, ganerako senideak: amama (Amparo Badiola, berbarik esan barik, pisuzko begiradearen ekarpena egiten dauena); nebea (Ander Lipus, bikaina, umore puntua ekarriz) eta ama (Klara Badiola, senarraren temeari aurre egiten deutsona).
Bi bizimodu jarten dira aurrez aurre: uriarena eta baserriarena, gurasoena eta seme-alabena. Bata amaitzen da eta amaiera horrek gatazka eta mina ekarten ditu ehundaka urte dituan kultura baten galerea ekarten dauen neurrian.
Altunaren begiradea azkarra eta originala da. Sinboloz betea, filmak alde oniriko eta magikoa be badauka. Nahiago dot narrazino errealistearen atala, oso ondo kontauta dagoana, baina bestearen edertasuna ezin ukatu.