Bost eguneko ibilbidearen ostean, urriaren 12an, heldu zan Algortara 250 buru inguruko artaldea, Gipuzkoako Zegamatik. Mikel Etxezarreta artzainak gidatuta, Euskal Herrian, eta zehatz, gure eskualdean 80ko hamarkadara arte iraun eban transhumantzia gogoratzea izan da asmoa eta ondoren, Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxotarrek (Einarte Produkzinoak) Akabuko martxea izenburuko dokumentala egitea.
Orain 28 bat urte ohikoa zana errepetidu dauen artzaina Mikel Etxezarreta da. Berak gogoratzen dau txikitan bere gurasoakaz neguan Uribe Kostara etorten zala eta 12 urtegaz lau hilebete egiten zituala Zegamako eskolan eta beste laurak Plentziakoan. Artzaina da oraindino be, bere aurrekoen ogibideari eutsi deutsolako. Eli Arrillaga emazteagaz ekarri dau artaldea Getxoraino.
Gipuzkoako Goierriko artzainak, belaunalditan, gure eskualdera etorten ziran negua Uribe Kostan (Barrikan, Getxon..) pasetan, mendialdeetako edurtzetatik igesi, artaldeentzako larre bila. Hain zuzen be, Barrikara etorri ziran azkeneko aldia 1982an izan zan, eta artalde batek negua berton igaroteko Getxoko Udalak emon eban azken baimen-eskaria 1971ekoa da.
Mikel Etxezarreta artzainarentzat sano emotiboa izan da esperientzia, ia sinistezina baina Fredi eta Aitor gure konbidauentzat be ez da bromea izan.
1.- Zelako esperientzia izan da, pentsetan zenduana baino gogorragoa, ederragoa?
Gogorra eta ederra izan da, hunkigarria be bai momentu batzuetan eta dana behar dan moduan atonduteko lan handia, koordinazinoa, lantaldeak, herri desbardinetako ordutegiak, artaldea eta abar baina oso gustora ibili gara.
Alde positiboari jagokonez, hunkigarria izan da edadekoak eta hurreratzen izan jakuzanean, nagusiei sasoi bateko pasadizo eta gorabeherak gogoratuarazo egin deutseguz, orain 30 urte baino gehiago euren etxe ondotik artzainak eta artaldeak zelan pasetan ziran kontau deuskue, Mikel agurtu dabenak be asko izan dira eta nik neuk transhumantzia esperientzia honetan ikusi edo igarri dodana da jentea natura premina handi bategaz bizi dala.
2.- Idea horixe bera Natura ginaneko nostalgiaz bizi gara idatzi izan dozu. Sakondu zeinke idea horretan?
Egungo erritmo bizian, uriguneetan gehienbat natureagaz hartu-emon gitxi daukagula da idea nagusia eta kontaktu horren faltea edo nostalgia sentiduten dogula. Bidean topau doguzan edadekoei begiak biztu, argitu eta arpegierea aldatu egiten izan jake artaldea ikusikeran eta ardiak sekula ikusi ez dituen uriguneetako umeen begiradak be adierazgarriak izan dira. Inguruan poztasuna igarten izan da eta proiektu honek erakutsi deust beste zeozeren beharra edo preminea daukagula.
3.- Mendirik mendi, bidea oinez egin dozue, ahal izan danean eta ardiak trailer erraldoi baten sartuta be bai, tarte batzuetan. Danetara, 5 etapa izan dira. Zeinetan disfrutau dozu gehien?
Egun bakotxak euki dau bere edertasuna. Urbiatik urten genduanean, nerbioak, ikuspegi zoragarria eta kriston hotza pilatu jakuzan baina bidean topau dogun giroa nabarmenduko neuke, Oleta eta Larrabetzun egin euskuen harrerea, Belatxikietako parajea, Arratitik Durangaldera pasau ginanean... Momentu gogoangarriak izan ziran baina, beren-beregi azpimarratuko neuke, artaldea Algorta nire herriko kaleetan sartu zaneko momentua, hunkitu egin nintzan.
Esan dozun moduan, oinez egin dogu ahal izan dan guztia, gure asmoa dana oinez egitea zan baina azkenean trailer bat be erabili behar izan dogu, egungo errepide sareagaz, tarte batzuetan ezinezkoa dalako mendirik mendi joatea. Ganera, baimenak eta jasoteko arazoak izan doguz, trabak be ipini deuskuz Arabako Foru Aldundiko trafiko sailak, errepide tasak kobrau gura izan deuskuez, bide batzuetatik pasetea galarazo egin deuskue, bozina hotsak be entzun behar izan doguz...
4.- Anekdota edota pasadizo bat baino gehiago biziko zenduezan bost eguneko ibilbidean. Bateren bat nabarmenduko zeunke?
Anekdotak asko izan dira baina herririk herri lortu dogun artzainen eta kaletarren arteko loturea eta inplikazinoa nabarmendu behar deutsut; Jon Etxebarria Zeanuriko artzainak bere behorra itxi euskun bidea egiteko, laguntzeko prest izan dogu beti jentea, bertsolariak, soinulariak hurreratu jakuz... Kulturea eta naturea alkarren ondoan doazela ikusi dogu eta sano ederra da hori.
5.- Ia 30 urte pasau dira Gipuzkoako Goierritik Uribe Kostara artaldeen joan-etorria egoten zana. Gipuzkoako Goierriko artzainak, belaunalditan, Uribe Kostara etorten ziran negua Uribe Kostan pasetako, mendialdeetako edurtzetatik igesi, artaldeentzako larre bila. Nondik nora jaso zenduen horren barri?
Orain 10 bat urte Uribe Kostako ahozkotasuna batzeko grabazino etnografikoak egiten nenbilela eta aurrerago eskualdeko bertsolaritzea ikertzen nengoala, gipuzkoarren joan-etorrien barri jaso neban behin eta barriro eta tartean gurera etorten zan artzain bertsolari bat egoala jakinik, transhumantziarena berpiztu, artaldea Urbiatik Getxora ekarri eta dokumentalarena otu jatan. Gipuzkoako artzainen gorabehera eta joan-etorrien barri aspaldi ezagutu nituan, orain urte batzuk Uribe Kostako bertsolaritzearen inguruko liburu bat be kaleratu neban eta hor biografia pare bat osorik ziran gipuzkoar artzainen inguruan ze gure eskualdean bertsolariak baegozan gipuzkoar jatorrikoak, Abarrategi Mantsoa, Atxutegi eta abar. Horrezaz gan, Lemoizen be grabazinoak egiten ibilia naz eta horreetan be ikatza egiten etorten ziran gipuzkoar batzuen kontuak dokumentau genduzan. Gure eskualdera gipuzkoar asko etorten zan aspaldi eta Plentziako itsasadar osoaren kanalizazinoa, berbarako, gipuzkoarrek egin eben. Gero, barriz, Mikel ezagutzea suberte handia izan da, orain 28 bat urte transhumantzia egin ebana ezagutu eta sasoian egotea barriro bidea egiteko zoragarria izan da.
6.- Gure ondare eta memoria historikoagaz zerikusia dauen jarduerea da transhumantziarena, egun desagertzeko arriskuan dagoana; nahikoa motibo gure nortasunaren eta kulturearen parte dan hori jaso eta zabaltzeko. Harrigarria bada be, gaur egun ume askok liburuetan baino ez ditue ardiak ikusi...
Bai. Oso argi ikusi dogu hori. Artaldearen ibilbidean agertu jakuzan Umeen arpegiak ikustea adierazgarria zan; upealako interesa azaltzen eben eta galdera piloa egin izan deuskuez. Ume batek aharito berbarik ezagutu ez eta galdetu euskun ia zelan daukan izena ardi-zezenak... uste dot Larrabetzun izan zala baina Algortan beste ume batek be horixe berbea bota euskun. Hor ikusten dozu umeek ze urrun bizi daben naturea, ze hartu-emon gitxi daben natureagaz.
Beste kontu bat, euriarena azpimarratu gura neuke. Algortan sartu ginanean euri zaparrada handiak izan ziran eta gurasoek etxera edo eroan zituen umeak, gitxi egozan han inguruan eta pena handia hartu genduan ze holako ikuskizunik ez da sarri ikusten urigunean. Gu umetan edo gaztetan euriaren bildur barik ibilten ginan eta hor aldaketa handia izan da. Gogoetea behar dauen gaia dala pentsetan dot. Natureagazko urruntasuna, klimatologia biziteko beste modu bat, erosotasuna... gai asko pilatu jakuz.
7.- Zeuk Fredi eta Aitor Gisasolak Etxezarreta eta bere artaldeagaz batera egin dozue ibilbidea, eta hori Akabuko martxe dokumentalean jasotea da asmoa. Zein da dokumentalaren helburua?
Helburua da ohitura edo sasoiko ohiko jarduera hau, transhumantzia dokumentau eta ahalik eta gehien zabaltzea, berreskuratzea belaunaldiz belaunaldi Urbia inguruko artzainak gurera etorten ikusi dituenen memoria. Etorkizunari begira, hainbat gai ikertzeko abiapuntua be izan daiteke lan hau, berbarako, euskalkien eta transhumantziaren arteko loturak ikertzeko zein gizataldeen mobimentuak aztertzeko; proiektuaren aurkezpen ekitaldian, Joseba Izagirre Zegamako alkateak esan eban artzainek beti esan dabela oso harreman onak izan zituela beti Bizkaian; hartu-emon horreen ondorioz, gaur egun Zegamako euskalkian bizkaitar berba batzuk dagoz.
Akabuko martxea izenburua jarri deutsagu, segurutik holako esperientziarik gehiago ez dalako egingo. Aitor Gisasolak eta biok alkarregaz egingo dogun hirugarren dokumentala izango da Akabuko martxe. Memoria berreskuratzeko ahaleginetan, Akordaten naz I eta II egin genduzan, gure eskualdeko euskaldun zaharren ganekoak.
8.- Urbiatik Getxora bitarteko bidean dronak eta erabiliz irudiak hartu dozuez baina kontaiguzu prozesua zelakoa izango dan eta noiz argitaratzea dan asmoa...
Aitor Gisasola: Dronak erabilteko be nahikoa komedia izan dogu baimen eta enparauakaz baina zeozerk urtengo dau. Hori bai, prozesua uste baino luzeagoa izango da. Hainbat gauza daukaguz oraindino grabau barik, lekukoak, neguko irudiak urbian eta abar. Datorren astean be hiru grabazino egun daukaguz, Mikel Etxezarretagaz, izan be, artaldeagaz beste ibilbide bat egingo dau Gipuzkoatik, hain zuzen be, urriaren 22an, Urbiako Ttonttor txabolatik urten eta hilaren 24an Idiazabalen amaitzeko, han Euskadiko Gaztai Txapelketea ospatuko dalako.
Horrezaz gan, argazki zaharren bila be bagabiz eta data zehatzik ezin geinke oraingoz zehaztu, datorren urtean argitaratzeko ez dot pentsetan arazorik izango danik.
Ezustekorik ezean, ordubeteko dokumentala izango da, euskeraz eta azpitituluakaz. Egitasmoaren idea Fredi Paiarena izan zan, transhumantziaren ibilbidea errepetidutea eta dokumentala egitea, hain zuzen. Gidoilari lana be egingo dau eta alderdi teknikoen eta ikus-entzunezkoen ardurea neurea izango da.
9.- Gipuzkoarren eta bizkaitarron arteko hartu-emonak indartzeko balio leike?
Fredi Paia: Bai. Dokumentalak artzainen ogibidea gogora ekarri nahi dau, eta horrek herrialde desbardinetako biztanleen arteko hartu-emonetan sortzen eban aberastasuna be bai. Dokumentalak transhumantziaren ondarea be ikustarazoteko balio ahal izango dau, antxinako hartu-emon horreen memoria berpiztuz eta balioan jarriz etorkizunean guztiontzako onuragarri eta aberasgarriak izango diran ekimenak gauzatzeko aukerea izango dalakoan. Duda barik, gipuzkoarren eta bizkaitarron arteko hartu-emonak indartzeko balio leike, eta hori oso garrantzitsua da, beste herrialde batzuekazko hartu-emonak kontuan hartzen doguzan legez. Beraz, oso garrantzitsua begitantzen jaku ikus-entzunezkoaren gizarteratzearen bitartez Euskal Herria osotzen dogun errealidade desbardinen ezagutzea zabaltzea.
10.- Dokumentalerako Getxo, Zegama eta Idiazabalgo Udalak, Uribe Kostako Mankomunidadea, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste erakunde pribatu batzuen babesa be badozue, berbarako, Idiazabalgo gaztai izendapenarena eta Larrabetzu, Plentzia, Barrika eta Gamiz-Fikako udalen babesa. Aurrerantzean ikus-entzunezko gehiago egiteko asmorik badozue?
Akabuko martxe amaitu barik dagoanez, hauxe da guretzako burukomin handiena. Eta babesagaz zer esango deutsut, oso pozik gagoz; erakunde eta persona asko sartu dira tartean eta hasiera-hasieratik oso ondo hartu gaitue.
Argazkiak: Bizkaie! eta Hiruka