Eguraldi txarrari aurre eginda, Chamlang tontorrera heldu dira WOPeak espedizinokoak

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 19a, 00:00

Nepal aldean dabilz Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza, Chamlang 2015 espedizinoan, WOPeak proiektuaren barruan. Chamlang (7.319 m) mendiko tontorrera heldu dira, baina eguraldiak ez dau askorik lagundu eta berehala bajatu behar izan dabe. Vivac eran pasau beharko dabe gaua, 6.600 metroan.

Erronka gogorra daukie WOPeakeko hiru mendizaleek Chamlangen. Izan be, euren aurretik historian beste bost espedizino baino ez dira tontorrera heldu. Desnibel izugarridun mendia da eta Iñurrategi, Zabalza eta Vallejok ipar hormatik igon dabe, estilo alpinoan. Nepaletik bialdu daben mezuaren arabera, azkanean tontorrera heltzea lortu dabe, hotzari eta haizeari aurre eginda.

Bart gauean 6.600 metroko altueran dagoan eremu baten vivac-a egin behar izan dabe. Haizete gogorrak egon diran arren, tontorrerako bideari goizean goiz ekitea erabagi dabe. Haize eta hotz handiko eguraldiagaz egin dabe gorako bidea. Bihar eta etzi eguraldi txarragoa iragarrita dago, beraz, gaurkoa izan dabe aukera bakarra Iñurrategi, Vallejo eta Zabalzak.

Chamlangeko tontorrera heldu dira hirurak baina ezin izan dabe han luzaroan egon, eguraldi txarraren erruz. Hartara, arin egin dabe beherutz eta 6.600 metroan beste vivac bat egin eta han gaua pasetea da asmoa. Igoerea eta jatsierea arriskutsuak izan dirala azaldu dabe mendizaleek Nepaletik, baina espedizinoaren helburua bete dabe.

WOPeak mendiagaz lotutako proiektua da. Zortzi etapatan zortzi tontor igotea da asmoa, urtero mila metro gorago joanda. Gorbeian (1.481 m) hasi eben erronkea 2010ean. Gero etorri dira Hiru Erregeen Mahaia (2.428 m), Taillon (3.144 m), Copacollo (4.835 m), Nido de Condores (5.570 m), Paiju Peak (6.050 m) eta orain, Chamlang (7.319 m). Talde-lanean mamitutako egitasmoa da, alpinismoaren balore nagusiak ardatz hartuta: sendotasuna, ahalegina, adiskidetasuna, zailtasunak gainditzea eta emozinoa.

Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendizaleakaz batera, Juanjo Otazu kameralaria eta WOPeko Mikel Renteria joan dira Nepalera. BAT Basque Team-eko kide dira Iñurrategi, Vallejo eta Zabalza.

Osorik irakurri