Sans Soleil irabazi asmo bako argitaletxea arduratu da Walter Benjaminen lanaren euskerazko itzulpena argitaratzeaz. Txinpartak bildumearen barruan, antologia bitan kaleratu ditu Sans Soleilek Benjaminen idatziak. Liburuetako bat Literatura oharrak izenburuagaz plazaratu dabe eta, bestea, Denbora, historia eta artearen inguruko testuak da. Holan, 20. mendeko pentsalari handienetako baten artikuluak euskeraz irakurri ahal izango dira.
Itzultzaile ugari ibili dira Walter Benjaminen lanak euskerara ekarten. Lehenengo bilduman (Literatura oharrak), honako artikuluak batu ditue: Itzultzailearen egitekoa (Garazi Arrulak itzulita), Prousten irudia (Mikel Igartua), Franz Kafka (Gaizko Urturi) eta Baudelaireren gai batzuen inguruan (Maialen Berasategi).
Bigarren antologian, Denbora, historia eta artearen inguruko testuak izenburukoan, honeek artikuluak topauko doguz: Indarkeriaren kritika (Amaia Dones), Argazkigintzaren historia laburra (Danele Sarriugarte), Esperientzia eta pobrezia (Teresa Pradera), Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian (Iñaki Segurola) eta 'Historia' kontzeptuari buruz (Mikel Babiano).
Liburu bietan ilustrazinoak sartu ditue, irakurketeari laguntzeko. Ganera, Walter Benjaminen obrearen nondik norakoak hobeto ulertzeko, Bernat Padro eta Jose Luis Delgadoren hitzaurreak dagoz. Biak dira adituak Benjaminen inguruko gaietan.
Walter Benjamin (1892-1940) Alemaniako filosofo eta kritikaria izan zan. Bere pentsamenduan idealismo alemaniarraren, erromantizismoaren, materialismo historikoaren eta mistizismo judutarraren eragina dago. 20. mendeko Europako filosofo garrantzitsuena izan zan. 1940an bere buruaz beste egin eban, naziakandik ihesean joiala.
Sans Soleil argitaletxeak Benjaminen lana Txinpartak izeneko bildumara ekartea erabagi dau. Izan be, bilduma horretan arte gaiei buruzko erreferentziazko testuak euskeraz argitaratzen dira. Arte kritikako euskerazko liburuen argitalpena indartzea da Txinpartaken helburua, holako gitxi plazaratzen diralakoan.