Munduari bueltea emon eutson Nao Victoriaren erreplikeak Ondarroa bisitauko dau urriaren 21etik 26ra bitartean

Historia unibersaleko jazoera garrantzitsuenetako bat munduari lehenengo bider bueltea emon eutson espedizioa izan zan. Magallanesek zuzendu eban bidaia, eta hiru urte itsasoan egin ostean (1519-1522), bostetik itsasontzi bakarrak lortu eban Sevillara heltzea 1522ko irailaren 8an.

Itsasontzi hori Nao Victoria zan, eta Getariako Juan Sebastian Elkanok gidatu eban. Jazoera hau danok ezagutzen dogu. Baina orain arte ezagutzen ez genduana hauxe zan: Victoria izeneko nao hori aurretik Santa María deitu zala, eta honen armadore eta jaubea Domingo de Apallua izeneko ondarrutar bat izan zala. Apallua honi itsasontzia dekomisau egin eutson Sevillako kontratatazino etxeak, teknikoek ezarritako prezioan, eta munduari bueltea emoteko erabili eben.

Datu hau Ondarroako Historia Zaleak (OHZ) alkarteari esker ezagutu da batez be, talde honek zabaldu dauelako Sevillako Artxibo Historiko Probintzialean (protokolo notarialen atalean) dagoan dokumentu bat. Agiri horretan agertzen da Apallua zala barkuaren jaubea, eta segurutik Ondarroan eregi ebela. Agiri horrek Ondarroa historia unibersalaren parte bihurtzen dau.

Aurkikuntza honengaitik, Nao Victoria Fundazinoak erabagi dau barkuaren erreplikeak Ondarroan bost egun egitea, urriaren 21etik 26ra. Bisita hori barkuak egin dauen European Tour 2015 programearen barruan sartu dabe.

Ondarroagaz batera, Frantzia, Belgika, Herbehereak eta Alemaniako beste portu batzuk be bisitau ditu.


Egitaraua:

• 21ean, eguaztena, 12:00ak aldera, barra handiaren, plaiko muzturrean eta Itsasaurre zubitik ondo etorria Nao Victoriari, txalupa txikiak eta motor txikiak eta Antiguako Ama traineruak lagunduta. Ondoren, mollan gurrea jantzari eta txistulariakaz.

Jarraian, Kalare Deuna Kofradiako areto nagusian, ekitaldi ofiziala: Nao Victoriaren armadorea ondarrutarra zala agertzen dan dokumentua emongo deutso kapitainak Ondarroako agintariei. OHZkoek dokumentuaren garrantziaz berba egingo dabe.

• 22, 23, 24 eta 25ean, 10:00-14:00/ 16:00-19:00, bisita gidatuak doban. Ikastetxeetako umeak eta gazteak konbidatu bereziak izango dira.

• 26an, astelehenean, arratsaldean (marearen arabera), Nao Victoriari agurra Boga-Boga abestuz.
 

Osorik irakurri