Idazle elgoibartarraren nobela-proiektuak irabazi eban igaz Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatutako Augustin Zubikarai saria eta oraintsu argitaratu dau 12etan bermuta liburua Elkar argitaletxeak. Danetara, 26 lan aurkeztu ziran, eta danen artean Jasone Osororen egitasmoa aukeratu eban Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osotutako epaimahaiak.
Maitasuna, zeloak, altruismoa, egoismoa, inbidia, nahibagea, beharra, kariñua, menpekotasuna, miseria, errua, plazerra, damua, desesperazinoa, nartzisismoa, bildurra, neurosia... Sentimendu ugariren sorleku dira hartu-emonak, eta horreek danak eta askoz gehiago agiri ditu eleberri honetako protagonista Bertak, bere bizitzaren errepasoa egin eta inportanteak izan diran lagunekazko jardunean: ama, aita, alabea, senarra, amama, anaia, maitalea, laguna... Mosaiko baten eran eregi dau Jasone Osorok lan hau: pieza txikiz osotua, baina alkarren ondoan jarrita koadro eder eta harrigarri bat osotzen dabenak.
Bederatzi ataletan banatu dau bere lan barria, Ama, Aita, Amama, Senarra, Alaba, Maitalea, Anaia, Laguna eta Ni. Ez dau logika narratiborik jarraitu bere testuen hazurduran. Emozinoen kaosaren logikatik eratorritako ideak dira. Krisi egoera batean gagozanean, sentimenduak be holan etorten dira. Berta personaiaren ahotik zabaltzen ditu arrapaladan burura etorten jakozan idea horreek. Osorok autortu dauenez, idazterako orduan berak be ez ekien personaiak noraino eroango eban. Idazkera oso inpulsiboa erabili dau, testu batzuk askotan berba bakar batetik abiatuta, bere hiztegian fetitxetzat dituan berbetatik, hain zuzen.
Egilearen eretxiz, 12etan bermuta ez da liburu autobiografikoa, nahiz eta liburu guztietan dagoan idazlearen zatitxu bat; Nire asmoa izan da biziteari buruz idaztea. Horretarako eregi dot Berta, personaia nahibagetua baina gutako edonor izan daitekeena bizitzako momentu batean.