Idazle bilbotarraren pesia liburu barriak, hain zuzen be, hori izenburuori dauka: Babeserako kopia (Elkar). Norbere identidadea, memoria eta denporearen joana dira liburuaren ardatza. Izan danaren eta gaur egun danaren txatalak batu ditu olerkietan Landabasok, gerorako babeserako kopia bat balitz legez. Gai ilunak landu ditu, baina baita bestelakoak be. Babeserako kopiako poemetatik abiauta, ikuskizun bat be preparau dau idazleak, Ane Zabala eta Galder Perezegaz batera, eta datorren hilean aurrestreinauko dabe.
Goizalde Landabaso idazle eta kazetariak argitaratzen dauen laugarren liburua da Babeserako kopia. Oraingo honetan, poesiaren alde egin dau. Idazteko orduan daukan disziplina faltan dago, Landabasoren esanetan, liburuaren abiapuntua. Ez naz bape disziplinadua idazteko, eta erabagi neban egunero zeozer idatzi behar nebala, adierazo dau. Denporeagaz, liburua plazaratzeko nahikoa material eukala konturatu zan.
Harkaitz Cano idazlearen eta Iratxe Fresneda kritikari eta unibersidadeko irakaslearen laguntzinoa euki dau, olerkiak aukeratu, testuak orraztu eta liburuari itxurea emoteko. Canok hitzaurrea idatzi deutso, ganera. Olatz Rubiok eta Iñaki Mendizabalek egindako argazkiz hornidu ditu Landabasok liburuko kapituluak.
Babeserako kopia izenburuaren oinarrian norbere memoria gordeteko beharra dagoala azaldu dau Goizalde Landabasok: Gure aurreko belaunaldietan ikusten dot, zelan zahartzeagaz oroitzapenak lausotu edo galdu egiten diran, baina gu, ezer bagara memoria gara. Ni nazen horri eusteko ahalegina egin nahi dot. Ordenagailuetan egiten diran babeserako kopien moduan, idazlea bera nor izan dan eta orain nor dan etorkizunerako gordeten dau liburuak.
Hiru zati nagusi ditu Babeserako kopiak: Lehenengo zatian identidadeaz eta bere buruaz egiten dau berba Landabasok. Bigarrenean, bakardadea, tristurea eta barru-barruko sentimenduak batzen ditu, besteak beste. Amaitzeko, hirugarren zatian, denporea eta atzera begiratzea dira ardatzak.
Gai ilunak eta gogoetea dira nagusi, baina ironia ikutua dauka liburuak, Harkaitz Canok hitzaurrean nabarmendu dauenez. Landabasok onartu dau, ironiari uko egin barik idazten dauela, askotan norbere gogoeta sakonenak be umorez aztertu behar diralako. Mundu honetan egongo garen denpora laburrerako, hobeto umorez hartzea.
Barru-barruko kezkak eta gogoeta personalak dira poemen abiapuntua. Landabasok, halandabe, espero dau irakurleak bere burua identifiketea pasarte batzuetan, edo liburu guztian. Hau irakurten dauen edonork zeozer topetea da nire asmoa, zehaztu dau.
Iratxe Fresnedak Babeserako kopia liburuaren azterketea egin dau eta Landabasok hartu dituan arriskuak goraipatu ditu. Sormen lana publikoaren esku laga eta haren epaiaren menpe jarri dau, dino Fresnedak. Hunkitzeko materiala badago liburuan, emozinoek leku nabarmena daukie, Fresnedaren esanetan. Dana dala, gai ilunei begiratzeko modua azpimarratu dau: Tristureari lekua egiten deutso, baina triste jarri barik, hori bada meritua.
Babeserako kopian agiri diran poemak oinarri, ikuskizuna preparetan dabilz Landabaso bera eta Galder Perez eta Ane Zabala aktoreak. Iñaki Mendizabalen 30 argazki ingururen proiekzinoa eta errezitaldia eukiko ditu ikuskizunak. Deustuko Mullerrenea gunean izango da aurrestreinaldia, zemendiaren 25ean eta Durangoko Azokako Ahotsenean estreinaldia, abenduan.