Iurretako Udalak eta Gerediaga alkarteak argazki zaharren bildumea sortu dabe eta auzotarrek bertako irudiak konsultau ahal izango ditue. Oraingoz, 428 argazki batu ditue, liburuki bitan, eta herritarrek eurek be ekarpenak egin leikeez. Iurretari buruzko argazki zaharrak dira, gehien-gehienak zuri-baltzean.
Iurretaren desanexinoaren 25. urteurrena ospatzeko, argazki zaharren erakusketea ipini eben Montoiko zubian orain dala hile batzuk. Erakusketa horretan hasi zan mamitzen Iurretako argazki zaharren bildumea egiteko asmoa. Guztira, 428 argazki batu ditue, liburuki bitan banatuta. Sei artxibotatik jasotako argazkiak dira.
Bildumako alerik zaharrena 1895eko argazki bat da; barriena, 1993koa. Tartean dagoz, esate baterako, 1910 eta 1919 bitarteko Santa Apoloniako zelaietako hegazkinen irudiak, antxinako udaletxearen eraikinaren argazkiak eta abar. Argazki analogikoak dira eta ia guztiak zuri-baltzean dagoz. Iurretako antxinako irudi bitxiak edo sasoi bateko bizimodua ikusteko aproposak dira.
Herritarrek euren ekarpenak egin leikeez bildumea aberasteko. Orain dagozan argazkiak sei artxibotatik hartuta dagoz: Doliwa alemaniarrarena (Odi-Bakar enpresearen sortzailea), Ojanguren gipuzkoarrarena, Angoitia anaiena, Pablo Garitaonaindiaren nekazaritzari buruzko ikerketako irudiak, Gerediaga alkartearen artxiboa eta Joseba Agirre 'Iketza'-k etxerik etxe batu dauen eta batzen segiduten dauen bildumea.
Gerediaga alkarteak azaldu dauenez, bildumeak hiru helburu nagusi ditu: Argazkien ondarea batu eta katalogatzea batetik; Iurretaren memoria bisuala eratzea bigarrenik; eta, hirugarrenik, sortzen diran argazki barriak batzeko tresnea eukitea. Bildumearen bost kopia egin ditue. Iurretako liburutegian dagoz lau kopia eta bosgarrena, Gerediaga alkartearen egoitzan. Nahi dauenak konsultau leikez argazkiak.