Kritika garratzagoa letretan, The Uski´s-en disko barrian

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 20a, 00:00

Hamabi kanta dagoz The Uski´s talde bizkaitarraren bosgarren diskoan. The Uski´s izena emon deutsie diskoari (Baga-Biga) eta 2003an joten hasi zan taldeak euki dauen garapena garbi erakusten dau: Kritika politiko eta sozial handiagoa letretan eta musika indartsuagoa, ahots-koruei pisua kendu eta gitarrei garrantzia emonda. Hori bai, melodietarako erraztasuna eta ondo pasetako gogoa ez ditu galdu Elantxobe eta Ibarrangeluko boskoteak.

Hasikerako bost kideak manteniduten ditu The Uski´s-ek, baina bakotxaren egoera personalak aldatu diran moduan aldatu da diskoak sortzeko erea be. Alkarregaz denpora gitxiago egin leikee lokalean eta bakotxak etxetik proposamen landuagoak eroaten ditu. Anartz Laka, Oier Laka eta Jon Zameza dira disko barriko abestien egileak eta bakotxak ze kanta egin dauen igarten da, nork bere ikutua emon deutso. Iñigo Eiguren eta Iñaki Astoreka dira beste taldekide biak.

Rock&rolla da, funtsean, The Uski´s diskoa. Estilo horren alderdi ugari dagoz hamabi abestietan. Ganera, soul, punk eta beste estilo batzuen eragina be nabari da. The Uski´s-en ohikoa dan legez, melodiek indarra daukie, erraz gogoratzekoak dira. Koruak taldekide guztien artean egiten segiduten dabe, baina hasikeran baino gitxiago. Orain, gitarrearen indarra da protagonistea. Rock&Roll zuzena da gurea, adierazo dau Oier Laka taldekideak.

Letretan euren betiko gaiak batu ditu boskoteak. Adiskidetasuna, bikote harremanak, jaia eta ondo pasetea beti agiri dira euren kantetan, baina baita kritika soziala eta politikoa be. Sekula baino kritika garratzagoa egiteko beharra sentidu dabe oraingoan The Uski´s-ekoek, gizartean eta politikan ikusten daben egoereak bultzatuta. Anartz Laka taldekideak azaldu dauenez, soinua eta letrak gogorragoak dira, gordinagoak, kokoteraino gagozalako. Oier Lakak ganeratu dau barruko amorrua igarten dala letretan.

Edozelan be, diskoa grabetan ondo pasau dabela argitu dabe taldekideek. Ondo pasetan gabilzan sensazinoa diskoan igarten da, azaldu dau Oier Lakak. Inprobisazinoa gustuko dabe eta, horregaitik, diskoa zuzenean grabauta dago. Abesti bakotxak zer eskatzen dauen ikusten joan gara, inprobisazino horren barruan, azaldu dau Anartz Lakak. Ondorengo konponketak The Uski´s-en lokalean egin ditue, han ipinita daukien estudioan. Jose Lastrak lagundu deutse konponketetan eta pozik geratu dira.

Osorik irakurri