Urriaren 21etik urtarrilaren 4ra grabadua izango da protagonista nagusietako bat Bilboko Arte Ederren Museoko aretoetan. Lucas van Leyden-en, grabaduaren historiako maisurik handienetakoaren, eta haren jarraitzaileen 69 obra erakutsiko ditue, 'Beranaren itzala luzea da' izenburupean. Grabaduaren Nazinoarteko Jaialdiagaz, FIG Bilbaogaz, bat egingo dau Arte Ederren Museoak era horretara.
Erakusketearen ardatza Lucas van Leyden neerlandarra (1494-1533) da. Margolari eta grabadugile hori bere sasoiko artista nabarmenenetako bat izan zan eta grabaduaren teknikan historiako maisu handienetako bat be bada. Haren 25 lan ekarri ditue Bilbora. Gazterik hil bazan be, van Leydenek obra zabala itxi eban, koadro ugari eta 200 grabadutik gora. Izan be, ia umetatik hasi zan artearen munduan.
Arte Ederren Museoak azaldu dauenez, erakusketan ikusi leitekezan koadroetan garbi agiri da van Leydenen marrazkien dotoretasuna, detaileak zelan jagoten zituan eta objektuen testurea azaltzeko eukan abilidadea. Gotikoaren azkanengo sasoietako jokerek eta Errenazimenduak bat egiten dabe van Leydenen obran.
Erakusketako beste 44 koadroak van Leydenen jarraitzaileek 17. mendera arte egindako grabaduak dira. Batzuk van Leydenen obren kopiak dira eta beste batzuk originalak, baina van Leydenen estiloan oinarrituta. Nicolaes de Bruyn, Jan Muller, Jan Saenredam eta Pierre Firen-en lanak dagoz, besteak beste.
Grabadu guztiak Mariano Moret bildumagilearen funtsetik hartuta dagoz, museoaren bildumako bat izan ezik. Van Leyden eta bere jarraitzaileen grabaduari buruzko erakusketeak bat egingo dau, ganera, Grabaduaren eta Paperaren ganeko Artearen Nazinoarteko 4. Jaialdiagaz. FIG Bilbao izeneko topaketa hori zemendiaren 19tik 22ra egingo da.