Euskal Herriko Bertso Eskolen Egunak Senperetik Agurainera egingo dau salto zemendiaren 14an. Eguerdiko 12:00tan batuko dira bertso-eskoletako kideak herriko plazan, 12:15ak aldera Jo ta Fa txarangeagaz bertso-poteoa abiatzeko. Kantuan, Bertsotruk ekimenean parte hartuko daben taldeetako ordezkariak ibiliko dira. 14:30ean herri bazkaria egingo dabe; txartelak www.bertsosarrerak.eus webgunean dagoz salgai 12€ euroren truke. Bazkalostean be jarraituko dau jaiak, Bertsotruk zirkuituaren aurkezpena eta gero Sudurgorriak taldeagaz tabernaz taberna ibiliko baitira bertsozaleak. Lautadako bertso-eskoleak, gainera, lo egiteko aukerea eskainiko dau; txartel horreek be aitatu webgunean dagoz salgai 8€ euroan. Bazkarirako zein lotarako txartelak zemendiaren 5era arte egongo dira eskuragai.
Bertsotruk, bertso-eskolen arteko desafioak
Helduen bertso-eskolen arteko hartu-emonak sustatzeko helburuagaz Bertsotruk ekimena sortu dau Euskal Herriko Helduen Bertso Eskolen Batzordeak. Zemendiaren 14an Agurainen ospatuko dan Bertso Eskolen Egunean aurkeztuko dabe egitasmoa. Danetara, Euskal Herri osoko 26 bertso-eskolak hartuko dabe parte. Horretarako hiruko multzoak osotu dira. Erronka edo saioak libreak izango dira, hau da, bertso-eskola antolatzaileak erabagiko dau formatua eta tokia. Holan, talde bakotxak saio bat egingo dau etxean, eta beste bi bertso-eskolek atondutako ekintzetan hartuko dau parte.
Ondokoak dira zirkuituan ibiliko diran bertso-eskolak: Lesaka, Albe, Deba-Goiena, Markina-Xemein, Orio, Zarautz, Durangaldea, Barañain, Mungia-Larrabetzu, Sakana, Oñati, Gernika-Lumo, Lekunberri-Leitza, Harituz, Erniarraitz, IEH, Enkarterri, Gabiri, Agurain, Lasarte-Oria, Hernani, Zumarraga-Urretxu, Aramaio, Goierri, Kakiturri eta Txingudi. Trukeak zemendiaren 15etik maiatzaren amaierara arte egingo dira.