Bilboko Opera Lagunen Alkarteak, ABAO-OLBEk 64. denporaldiari ekingo deutso urriaren 24an. Aurtengo sasoian sei opera daukaz programauta alkarteak. Lehenengoa Don Carlos izango da, Giuseppe Verdik 1867an sortutako operea. Giuseppe Gipali tenorea buru dala, goi mailako artista taldea batu dabe saioetarako. Ganera, hilaren 23an, barikua, Don Carlosi buruzko berbaldia egongo da.
Obra perfektua dala dino Don Carlosez Cesidio Niño OLBEko zuzendari artistikoak. Pariseko Operak aginduta sortutako operea da, 1867ko Munduko Erakusketarako. Giuseppe Verdik frantsesez idatzi eban Don Carlosen libretoa, bera, izatez, italiarra zan arren. Bilbon frantsesezko obra originala antzeztuko dabe, osorik. Hau da, Fontainebleuko atalagaz eta La Peregrina balletagaz (Miarritzeko Malandain balleta arduratuko da zati horretaz).
Drama erromantikoa da Don Carlos, Felipe II.aren gortean kokatutako istorioa. Giuseppe Gipali italiarrak beteko dau Don Carlosen rol nagusia. Maria Jose Siri soprano uruguaiarra Elisabeth de Valois izango da eta Daniella Barcelona mezzosopranoa, Eboliko printzesea. Rodriguerena egingo dau Juan Jesus Rodriguez baritonoak, eta Felipe II.arena Orlin Anastassovek. Arlo musikala Massimo Zanettiren gidaritzapean egongo da.
Hilaren 24ko estreinaldia baino lehen, barikuan (20:00), Don Carlosen inguruko berbaldia egongo da Bilboko Ercilla hotelean. Juan Angel Vela del Campo kritikari eta OLBEren 'Tutto Verdi' programako zuzendariak argibideak emongo ditu Euskaldunan ikusiko dan obreari buruz. Sarrera librea egongo da.
Don Carlos urriaren 24, 27 eta 30ean emongo dabe Bilboko Euskalduna Jauregian, baita zemendiaren 2an be. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira. Horregaz, aurtengo udagoien eta neguko denporaldiari eta 'Tutto Verdi' zikloaren hamargarren ekitaldiari ekingo deutso OLBEk. Don Carlosen ostean etorriko dira Roberto Devereux, La Sonnambula, Manon Lescaut, Messa da Requiem eta Il barbiere di Siviglia obrak, 2016ko maiatzaren 23ra arte martxan egongo dan denporaldian.