Bertsoa eta ipuina ditu ardatz ikuskizun barriak. Batetik, Fernando Anbustegi, ipuin kontalaria izango dogu: herriz herri, tokian tokiko personaia bategaz alkartuko dana, alkarrizketa baten bidez, bere ipuinetarako istorio barriak batzeko asmoz. Bestetik, Julio Soto bertsolaria: ipuin kontalariak momentuan agindutako personaiaren larrutik kantauko dauena, bere barrua bertsoz erakutsiko dauena. Ipuin kontalariak, galderak egingo deutsoz personaiari, eta honek esandakoakaz loturea daben ipuinak kontauko ditu trukean. Personaia emonaldiro aldatuko da.
Batek ipuinak eskainiko ditu; besteak ordainetan hortik abiatutako bizipenak, istorioak, bertsoz kontauko ditu.
Fernando Anbustegi (Elizondo, 1977. Kazetaria eta gai-emoilea) eta Julio Soto (Gorriti, 1987. Bertsolaria), lehenengoz batu dira proiektu barri bat abian jarteko. Plazetan alkarregaz askotan ibili badira be, bata gai-jartzaile moduan, bestea bertsolari, oraingoan bertsoa eta ipuina buztartzen dituan ikuskizun barri bat eskaintzera datoz: Istorio trukea(n) izenburukoa.
Estrenaldia, urriaren 23an, Donostiako Casares Kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:30ean. Ondoren, urriaren 31an, Ondarroako Literatur Amuak zikloan izango dira, Kofradia Zaharrean, 12:30ean; Intxaurrondoko Larrotxenea kultur etxean, barriz, zemendiaren 25ean, arratsaldeko 19:00etan; eta Durangon, Ahotsenean, abenduaren 5ean, 11:30ean.