Astegoien honetan, zapatuan eta domekan, Guggenheim Bilbao Museoak bere 18. urteurrena ospatuko dau dobako sarbidea eskainiz; era horretara, herritarrei euren babesa eta aintzatespena eskertu nahi deutsee.
Museora hurreratzen diran guztiek bihar barikua, hilak 23, zabalduko daben Alex Katz-en (Nueva York, 1927) Hemen eta orain erakusketaz gozetako aukerea izango dabe (20015eko urriaren 23tik 2016ko zezeilaren 7ra arte zabalik). Artista estadubatuarraren ibilbideko azken 25 urteetan paisajeak izandako lekua aztertzen dau 35 lanen bidez.
Alex Katz AEBko artearen ahots berezienetako bat da, eta paisajea da haren lanaren gai edo ardatz garrantzitsuenetako bat. Erakusketa honetan, Katzek genero hori ibilbideko hainbat alditan landu dauela agirian jarriko da. 1980ko hamarkadatik gaur egunera arte egindako lanak batu ditue erakusketarako; azkenaldikoak, barriz, paisaje monumentalak dira. Lan guztietan, baina, nabarmena da Katzek maisutasunez erabilten dituala materialak, beti be ikuspegi argi-argiagaz. Lanok berehalakotasunaren poesia elegiakoz beteta dagoz, eta pertzepzinoaren eta kontzientziaren bateraguneen, artearen eta naturearen buztarketearen eta momentuan bertan sublimea danaren inguruan hausnartzera eroaten gaitue. Katzen azkenaldiko paisajeak soiltasunez landutako haren estiloaren momentu gorena dira, eta gaur egungo arteak orainaldiaren handitasuna barruan hartzeko dauen gaitasunaren adibide parebakoa.
Horrezaz gan, Jean-Michel Basquiat-en Bada garaia ikusteko be momentu aproposa izango da, zemendiaren 1era arte ikusgai izango baita. Gainera, Shazhia Sikanderren Paralajea ikus-entzunezko obrea be ikusi ahal izango dabe hurreratzen diran guztiek.