Amorebieta-Etxanoko Udaleko euskera zerbitzuak 501baietz! kanpainea martxan jarriko dau urriaren 26tik aurrera zornotzarrei euskerearen aldeko konpromisoa eskatzeko asmoz.
Herrian euskara dakitenen eta erabilten dabenen arteko desorekea dago: hiztun kopurua % 53koa da, baina erabilerea ez da kopuru horren erdira heltzen: % 23. Esangura horretan, euskerearen normalizazinoaren bidean erabilereak dauen garrantziaz herritarrak sensibilizetako, 501 baietz! izeneko kanpainea abiarazo dau Udalak.
Joandako martian euskerea sustatzeko plana onartu eben herrian eta sensibilizazinoa zan ardatzetako bat. Zeregin horri erantzun gura deutso kanpaineak, Andoni Agirrebeitia alkateak nabarmendu dauenez. Udalak baliabideak jarriko ditu, baina herritarrak izango dira protagonista, eta kanpaineak parte-hartze aktiboa eskatuko deutse, hau da, nork bere ohiko bizimoduan erabilerea handitzeko konpromisoak hartzea. 500 konpromisotik gora batzea da helburua.
Euskeraz jakin zein jakin ez, euskereagazko konpromisoa hartu nahi dauenak idatziz adierazo ahal izango dau. Horretarako twitter-en hastag bat (#501baietz) eta e-posta helbide bat (501baietz@ametx.net) zabalduko dira nahi dauenak konpromisoa helarazo daian. Udalerrian be, postontziak jarriko dira konpromisoak bertan ixteko.
Zornotza telebistatik emitiduko dan ikusentzunezkoan hainbat konpromisoren adibideak ikusi ahal izango dira, eta hori oinarri hartuta herritarrek euren konpromisoa pentsau beharko dabe.
Abenduaren 3a Euskerearen Nazinoarteko Eguna da, eta egun horri begira antolatu dabe kanpainea. Baina ez dabe egun bateko ekitaldira mugatu gura, Rafa Ugalde euskera teknikariaren esanetan: Horregaitik, abenduaren 3a ardatz hartuta, aurretik jentearen gogoetan eragingo dauen kanpaina hau egitea erabagi dogu.
Abenduaren 3an, jasotako bideo eta mezuak herrian zabalduko ditue, eta Udalak adierazpen instituzionala irakurriko dau. Ikastetxeetako gazteakaz batera be antolatuko ditue ekimenak. Ikastetxeetan be emon dabe kanpainearen barri eta batzuek kanpainea bere egin dabela adierazo dau Idoia Zuloaga euskaltegiko zuzendariak.
Zornotzako hainbat kirolarik eta profesional ezagunek parte hartuko dabe kanpaina honetan euren konpromisoa azalduz; tartean dira Xabi Etxeita futbolaria, Iñaki Iza pelotaria eta Iraia Garcia korrikalaria.
Kontuak kontu, konpromisoak batzeko epea urriaren 26an hasi eta urte amaierara bitartean izango da.