Indarkeriaren inguruko autokritikea protagonista, Zinexit ekimenean

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 23a, 09:10

Bilboko Azkuna Zentroan egingo dabe, urriaren 26tik 29ra, Zinexit, Elkarbizitzarako 6. Zinema Erakusketea. Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen Idazkaritzeak antolatutako ekimena da eta, aurten, lau film proiektauko dira, Euskal Herriko zein kanpoko gatazkez berba egiten dabenak. Solasaldiak eta ume eta gaztetxuei zuzendutako programak be egongo dira.

Berba egiteko eta entzuteko topagunea sortzea da Zinexiten helburua, adierazo dau Monika Hernando biktimen arretarako Jaurlaritzako zuzendariak. Gatazkek eragindako minak eta biktimen egoerak azaldu eta gogoetea bultzatzeko filmak dira Zinexitekoak. Giza eskubideak lantzeko, bakea eta alkarbizitzea moduko kontzeptuetan sakontzeko, tresna pedagogiko ona da, dino Hernandok.

Zinexiti ekiteko, Lejos del mar, Imanol Uriberen film barria erakutsiko dabe, astelehenean, hilak 26, Azkuna Zentroko auditorioan. Biktimen eta borreroaren arteko hartu-emonean arakatzen dauen pelikulea da, maitasun istorio baten bidez. Octavio Gonzalez Zinexiteko programatzailearen esanetan, biktimea eta borreroa betiko alkarreri lotuta geratzen dira, modu baten edo bestean. Errelato gordina da, azaldu dau Gonzalezek.

Martitzenean, urriak 27, Palestina eta Israelgo gatazkeagaz lotutako filma erakutsiko dabe Azkuna Zentroko 1. aretoan, One day after peace. Indarkeria eta mendekua kateatzen dituan zikloa apurtzen ahalegintzen dan protagonistea aurkezten dau dokumental horrek. Urriaren 28an, Quebeceko independentzia prozesuak 1960ko hamarkadan eragindako indarkeriaren inguruan egindako filma helduko da Bilbora, Corbo.

Zikloa amaitzeko, eguenean El valor de la autocritica izenburuko pelikulea aurkeztuko dau Zinexitek. Estreinaldia izango da. Carmen Gisasola ETAkide ohiaren eta Irlandako talde armadu batzuetako kideen gogoetak eta eragindako minari buruzko eretxiak batu ditue filmean. Hurreko gaia da, gogoetarako tarte handia hartzen dau, dino Octavio Gonzalezek. Autokritika handiko lana da, izan be, Zinexiten aurtengo edizinoan autokritikeari leku berezia egin nahi izan deutsie. Alkarbizitzea eregiteko ezinbestekoa da autokritika egitea, adierazo dau Monika Hernandok.

Film guztiak arratsaldeko 19:30ean hasiko dira. Doban sartu leiteke, baina aurretik gonbidapena lehiatilan jasota. Proiekzino bakotxaren ostean, solasaldia egongo da eta ikusleek parte hartu ahal izango dabe.

Zinexit jaialdiko proiekzinoakaz batera, ume eta gaztetxuei zuzendutako programa bi martxan ipiniko dira: Zinexit Eskola, Lehen Hezkuntzako neska-mutilentzat, eta Bosa, Bigarren Hezkuntzakoentzat. Igaz Zinexit Eskolearen lehenengo edizinoan eukitako arrakastea dala eta antolatu dabe barriro aurten. 2.000 neska-mutil baino gehiagok parte hartu eben.

Zinexit Eskolan, ikastetxeetako umeek Minusculos filma ikusiko dabe. Alkartasuna eta aniztasuna moduko baloreak landuko ditue, dino Octavio Gonzalezek. Ikasgelan be jarduera ugari egingo ditue filmeko edukien inguruan. DBHko ikasleentzako Bosa proiektuan, aldiz, bederatzi ikastetxetako hainbat ikaslek zortzi film labur ikusiko ditue. Bizikidetzea landuko dabe era horretara, bereziki etorkinak onartzearen gaia.

Programazinoa, hemen.

Osorik irakurri