Larreen Mankomunidadearen Zeharkaldia egingo dabe zapatuan, Ubidetik Zeanurira

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 26a, 00:00

Ohitureak agintzen dauen legez, Ubide eta Zeanuriko Udalek kontuen kitapenerako eta pakea barriztetako ekitaldia egingo dabe. Hori aprobetxauta, zapatuan, urriak 31, Larreen Mankomunidadearen 9. Zeharkaldia egingo dabe, Ubide eta Zeanuri artean. 12 kilometroko bidea da, antxinako galtzadatik.

Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteek antolatzen dabe ibilaldia, udalen arteko batzarragaz bat eginda. Taldeok azaldu dabenez, orain dala mende bat baino gehiagotik batzartzen dira Ubide eta Zeanuriko Udaletako ordezkariak. Hasikeran Barazarren batzen ziran, bide erdian, baina gaur egun Ubideko udaletxean urte baten eta Zeanurikoan hurrengoan, txandaka, egiten ditue batzarrak. Udalerri bakotxeko abelburuen kontua egin eta bazka-larreen ingurukoak konpontzeko hitzordua da. Antza danez, 14. mendetik etozan  arazoak konpontzeko adostu eben urteroko batzarra.

Erdi Aroan Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan galtzadea izango da ibilbidearen ardatza. Oinezko txango horregaz, hiru helburu bete nahi ditue antolatzaileek. Batetik, Zeanuri eta Ubideko Udalen arteko batzarra ezagutzera emon eta horri balioa emotea; bigarrenik, bisitari zein auzotarrei Zeanuri eta Ubideko ingurumariak ezagutzera emotea; eta, hirugarrenik, herri bien arteko hartu-emona handitzea. 

Zeharkaldia goizeko 10:00etan hasiko da, Ubideko plazan. 12 kilometroko ibilbidean, galtzadeari segiduta, Zeanurira helduko dira parte-hartzaileak. Martxa lasaian, ordu bi eta erdi inguruko txangoa izango dala dinoe antolatzaileek. Tarte batzuetan, Erdi Aroko galtzadearen arrastoak ikusi ahal izango ditue. Inguruko ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezagutzeko aukera bikaina dala dinoe antolatzaileek.

Bizkaiko Foru Aldundiak Ondarearen Europako Jardunaldietako egitarauaren barruan sartu dau ibilaldia. Izan be, burdina da aurtengo jardunaldien gai nagusia eta, Gasteiztik Bilborako galtzadatik, Arratiako errementerietan egindako burdinazko tresnak pasetan ziran sasoi baten.

Zinegotzien arteko batzarra eguerdiko 13:00etan hasiko da. Aurten, Zeanuriko udaletxean egitea egokitu da. Ondoren, bazkaria egingo dabe, Zeanurikoen kontura. Datorren urtean, Ubiden izango da ekitaldia eta bazkaria ubidearrek pagauko dabe. Martxan parte hartu nahi dabenek autobus zerbitzua eukiko dabe aukeran: Goizean goiz, Zeanuritik Ubideko abiapuntura heltzeko eta, amaieran, Zeanuritik Ubidera bueltau nahi dauenarentzat.

Osorik irakurri