Getxoko XIV. Komiki Azokea zemendiaren 20tik 22ra ospatuko da eta hainbat topaketa eta sinatze ekitalditan parte hartuko daben nazinoarteko egile ospetsuak batuko ditu. Aurtengo artista konbidaduen artean Dave Cooper dago, Futurama (Matt Groening The Simpsonsen sortzaileak produzidutakoa) ospetsuaren estetikearen arduraduna. Sari garrantzitsuak eskuratu ditu, esaterako, Harvey saria, eta bere lan ezagunenen artean Escombros eta Flujo dagoz. Sortzaile kanadarragaz batera, Eric Reynolds Fantagraphics argitaletxearen zuzendaria izango da Getxon; komiki independentearen eta alternatiboaren arloko argitaletxe ospetsuena da Fantagraphics.
Johnny Ryan Vice aldizkarian eta Pudridero sail ezagunean ospea lortu eban marrazkigilea be Getxoko Komiki Azokan izango da. Umore garratza erabiliz, eta Dave Cooperregaz alkarlanean, fantasia eta umore burubako Pig Goart Banana Cricket animazino saila sortu dau Nickelodeon telebista katearentzat.
Jardueraz beteriko egitaraua eskainiko dau azoka getxoztarrak zemendiaren 20tik 22ra, artisten parte-hartzeagaz; holan, aitatutakoez gan, Jessica Abel La perdida lanaren egile saritua eta feminismoa komikiaren munduan islatzen erreferentzia bihurtu dan autorea eta Juan Giménez eskarmentu handiko artista argentinarra be Getxon izango dira.
Esangura horretan, egile argentinarrari eta Zulet umorista grafikoari omenaldia egingo deutsee beren jarduerea autortzeko.
Konbidatuen zerrendea honako honeek osotzen dabe, besteak beste: Max, Daniel Torres, Albert Monteys, Juanjo Sáez, Mauro Entrialgo, Luis Bustos, Matt Madden, Ana Oncina, Pepo Pérez, Javier de Isusi eta Chema García.
2015eko Komiki Sari Nazionala
Santiago González eta Javier Olivares komikigileak be Getxon izango dira aurten. Bi egileek egunotan jaso dabe Espainiako Komikigintzearen Sari Nazionala, Las Meninas eleberri grafikoari esker. Lan horretan Diego Velázquez pintorea hurreratu deutsie zaleei, baita haren garaia eta beste artistakan izan eban eragina be.
Zazpi urte behar izan ditue egileek lana amaitzeko eta narrazino egituran zein planteamendu grafikoan jarrera ausarta erakutsi dabe. Beste sari batzuk be eskuratu ditue Las Meninas lanagaz, esaterako, Bartzelonako Komiki Azokearen eta Dolmen argitaletxearen kritikarien sariak.
Getxon, egileek zenbait jardueratan parte hartuko dabe eta Astiberri euskal argitaletxeak kaleratutako azken lan horren inguruko erakusketaz gozetako aukerea be izango dabe zaleek.