Bilbo bere arkitekturearen bidez ezagutzeko ikastaroa abiatuko da Bilbao Arten

Bilboko Arkitektura Gelearen lehenengo ekimena da ikastaro hori eta arkitekturearen alorrean eskarmentu zabala daukien Francisco eta Bernardo Garcia de la Torrek gidatuko dabe. Bilboren iraganeko eta gaur eguneko nortasuna elementu arkitektonikoen eta urigintzearen bidez aztertzea izango da helburua. Arrakasta handia euki dau Bilbao Arteren tailer honek eta plaza guztiak bete dira. Hortaz, zemendiko honen ostean, aurrerago antzeko beste bat egitea da asmoa.

Bilbo bere arkitekturaren bitartez dibulgazino-ikastaroa arlo horretako ikasleei eta euren jarduera profesionala arteagaz lotuta daukien personei zuzenduta dago. Halandabe, Bilboko arkitekturearen eta urigintzearen arlora hurreratu nahi dauen edozeinek be parte hartu leike. Zemendiaren 2an hasita, prestakuntza teorikoa eta urian zeharreko bisitaldi praktikoagoak buztartuko dira.

Uriaren garapenaren ikuspegi orokorra emotea izango da helburua, Bilbo sortu zanetik gaur egun arte urigintzan eta eraikinetan egon diran aldaketak aztertuta. Bilbao Artek azaldu dauenez, Francisco eta Bernardo Garcia de la Torre anaiak izango dira kursoaren gidariak, arkitekturako eta urigintzako profesionalak biak. Bilboko Arkitektura Gela proiektuaren bultzatzaileak dira anaia biak.

Zemendiko hamabi egunetan egingo dira ikastaro-tailerreko saioak. Lehenengoa gaur, zemendiaren 2an, astelehena, izango da eta azkanengoa, hil horren 25ean. Saio guztiak arratsaldez izango dira. Ikastaroa hiru zatitan banatuta dago: Zortzi ordu teoriko, beste zortzi praktiko eta beste zortzi uritik ibilbideak egiteko.

Deialdiak arrakasta handia euki dau eta, beraz, aukeran egon diran 20 lekuak beteta dagoz dagoeneko. Itxaron-zerrenda luzea be badago. Hartara, Bilbao Artek erabagi dau antzeko beste ikastaro bat antolatzea aurrerago. Dana dala, oraindino ez dagoz bigarren tailer horren datak eta ezaugarri zehatzak erabagita.

Osorik irakurri