EAEko 15 urte eta gehiagoko hamar lagunetik zazpik Internet erabilten dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie!

Euskal Autonomia Erkidegoan 15 urte edo gehiagoko 1.321.400 internet erabiltzaile egozan 2015eko lehen hiruhilekoan, hau da, edade tarte horretako personen % 71,7, aurreko urteko aldi berean baino % 3,8 puntu gehiago, Eustat Estatistikearen Euskal Erakundeak argitaratutako datuen arabera. Herrialdeka, Araban gehitu da gehien (% 4,6 puntu) erabiltzaileen portzentajea, eta lehenengo dago EAEn, internet erabiltzaileak % 73,6 baitira. Gipuzkoan % 71,9 dira, aurreko urtean baino % 4,2 puntu gehiago, eta Bizkaian % 71,1, % 3,4 puntu gehiago.

Uriburuen artean, Gasteiz (15 urte eta gehiagoko personen % 74,4) da lehenengoa internauten kopuruan, eta ondoren Donostia (% 71,5) eta Bilbo (% 70,5). Eskualdeetan lehenengoak, Bizkaian Plentzia-Mungia (% 76) da, Gipuzkoan Bidasoa Beherea (% 75) eta Araban Gorbeiako Inguruak (% 74,7). Erabiltzailerik gitxien, barriz, Debabarrenan (% 69,3) Gipuzkoan, Enkarterrin (% 67,3) Bizkaian eta Arabako Mendialdean (% 63,5) dagoz.

EAEko gazteen (15-24 urte bitartekoen) % 99,1ek interneten jarduten dau, eta 55 eta 64 urte bitartekoen erabiltzaileen gehikuntzea nabarmendu da, % 9,2 puntukoa izanik; 65 urte eta gehiagokoen artean % 4,5 puntu igon da erabiltzaileen kopurua.

Bestalde, generoen arteko aldea % 7,6 puntu zan 2014an, eta aurtengo lehen hiruhilekoan % 8,3 puntura handitu da. 15 urte eta gehiagoko gizonen % 76 eta emakumezkoen % 67,7 Internet erabiltzaile dira. Aurtengo internet erabiltzaile guztien artean, % 51,2 gizonak eta % 48,8 emakumeak dira.

Jarduerearen arabera, ikasleen arteko % 98,7k erabilten dau internet, persona okupatuen artean % 91,8k, eta ez aktiboen eta lanbakoen artean % 42,5ek.

Interneten sartzeko toki nagusia (% 96,3) etxea da oraindino be. Internetera ikastetxetik sartzeak behera egin dau (% 0,1 puntu), eta lantokitik eginiko sarrerak % 5,8 puntu gehitu dira, 2014ko lehen hiruhilekoaren aldean, kasu guztietan.

Erosketen arloan, internet bidezko erosle kopuruak % 8,2 puntuko gehikuntzea izan dau 2015eko lehen hiruhilekoan, aurreko urtekoaren aldean. 2014ko lehen hiruhilekoan Internet erabiltzaileen % 41,7k erosi eban sarean, eta aurten % 49,9k.

Era berean, Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologien (IKT) ekipamenduak gero eta gehiago dagoz EAEko familia etxeetan; esangura horretan, 2015eko lehen hiruhilekoan, etxeen % 70,6tan ordenagailua egoan. Ia 607.000 familiak internet dabe etxean, hau da, guztien % 70,2k, 2014an baino 37.000 gehiagok (% 3,8 puntu). 15 urte eta gehiagoko internautak 59.600 gehiago (% 3,5 puntu) dira 2014ko lehen hiruhilekotik, % 78. Azkenik, etxeetako % 93,4an eskuko telefonoren bat dago, eta 15 urteko eta gehiagokoen % 95,9k eskuko telefonoa dauka.
 

Osorik irakurri