Zinebi 57

Zientzia fikzinozko film laburra grabauko dau bihar Imanol Uribek Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 26a, 09:30

Bilbao-Bizkaia exterior dia ekimenaren barruan sortu da proiektua. Zazpi zinegilek beste horrenbeste film labur grabauko ditue uriko kaleetan eta Zinebin estreinauko ditue datorren hilean. Imanol Uribek biharko eguna, urriaren 27a, aukeratu dau bere lana grabetako. Parpadeos pelikulan, istripu nuklear baten osteko Bilboren barri emongo dau zinegile ezagunak.

Guggenheim Museoaren ingurua, Abandoibarra aldea zehazki, erabiliko dau Imanol Uribek lanerako. Hantxe errodauko dau Parpadeos. Fantasiazko film labur hori istripu nuklear baten osteko Bilbon kokatu dau Uribek eta uritar guztien ebakuazinoa kontetan dau. Goizean goiz ekingo deutse Uribek eta lantaldeak filma errodeteari.

Parpadeos filma egitasmo zabalago baten parte da. Bilbao-Bizkaia exterior dia proiektua Bizkaia Film Comission erakundeak eta film labur eta dokumentalen Zinebi jaialdiak antolatu dabe. Bilbo, bere ingurunea eta espazioak nazinoarteko zinema eta ikus-entzunezkoentzako eszenatoki moduan erakutsi eta bultzatzea da asmoa. Bilboko motore ekonomikoetako bat izan leitekela uste dabe antolatzaileek.

Proiekturako zazpi zuzendari batu ditue. Bakotxak Bilbon girotutako film labur bat egingo dau eta danak alkartuta, film luze baten moduan, aurkeztuko dabe zemendiaren 16an, Zinebi jaialdiaren 57. edizinoaren barruan. Zazpi zinegileen ahalegina eta bakotxaren ikuspuntua bateratuko ditue modu horretara. Uriagaz daukien hartu-emonaren begirada personala erakutsiko dabe zuzendariek.

Honeek dira zazpi zuzendariak: Luis Marias, Javier Rebollo, Sra Polaroiska, Enrique Urbizu, Mikel Rueda, Pedro Olea eta Imanol Uribe. Danak dira bilbotarrak edo bilbotartuak. Errodajeak bihar amaituko dira Imanol Uriberen saioagaz, ganerako zuzendariek euren lana eginda daukie eta. Bilboko txoko ugaritan, era askotako istorioak grabau ditue.

Osorik irakurri