Mungiako herri ondarea gizarteratzen

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko urr. 26a, 00:00

Joan dan eguenean, urriaren 22an, Mungiako Udaletxeko Elkartasuna Aretoan, Herri Ondareko Katalogorako fitxa digitalen aurkezpena egin zan. Han batu ziran Mungiako Udalaren izenean, Alaitz Erkoreka euskera zinegotzia; Labayru Fundazinoko Adolfo Arejita zuzendaria eta Akaitze Kamiruaga Herri Ondare Ataleko arduraduna. Eurekaz izan ziran lekuko batzuk, familia-artekoak, kultur taldeen ordezkariak eta herritarrak.

Urteak dira Mungiako herri ondarea batzen eta aztertzen hasi zirala. Lehenengo pausua herriko lekukoei grabazinoak egitea izan zan: larogei ordu grabau ziran. Gero, material hori sailkatu eta landu, 2012. urtean Mungia: bizimodua eta ohiturak liburua argitaratzeko.

Hurrengo pausua Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzarako unidade didaktikoak sortzea izan zan: Mungian zaharrak barri. Bertan agertzen ziran grabazinoetan batutako kantak, ipuinak, kontakizunak, etab., beti bere umeentzako ikasgaietan txertatuta.

Ibilbide honetako azken pausua Herri Ondareko Katalogorako fitxa digitalak sortzea izan da. Dagoeneko, Mungiari buruzko 84 fitxa dagoz katalogoan. Euretan era askotako informazinoa agertzen da: herriko jaiak, ogibideak, ipuinak, kantak, herri egutegiko ospakizunak... Fitxen ardatza lekukoei grabautako bideo-txatala da. Beragaz batera eskaintzen dira bideoetan esandakoen laburpenak bizkaiera jasoan, inork ulertzeko arazorik izan ez daian.

Fitxok Udalaren webgunean eta Herri Ondrearen Katalogoa webgunean ikusi leitekez. Hortxe dozue Mungiari buruzko era askotako informazinoa ikusteko erea. Danontzat probetxugarria izan daitela!

Hona hemen bideoan Mungiako ondarea.

Osorik irakurri