Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak hartu dau aurten Erakurleak proiektuaren ardurea eta, ondorioz, erkidegoko zale guztiakana helduko da ekimena denporaldi barri honetan. Euskal Idazleen Alkarteagaz lankidetzan, beraz, interneteko baliabideak erabilita sortuko dabe irakurketa talde berezi hori. Lehenengo proposamenak dagoeneko sare sozialetan eta taldearen blogean dagoz.
Igaz Donostian ipini zan martxan Erakurleak, irakurketa talde digitala. Aurten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa osora zabaldu da egitasmoa, Jaurlaritzearen menpeko Irakurketa Publikoko Sareak hartu dauelako proiektuaren gidaritzea, e-Liburutegia plataformearen bidez. Internet erabiliz, euskal literaturea irakurteko zaletasuna daukien guztiakana heltzea da helburua.
Talde digitala dan ezkero, leku fisiko bat barik internet izango da zaleen topagunea. Erakurleak proiektuaren blogean argitaratuko dira irakurri beharreko liburuen zerrendea eta beste jakingarri batzuk. Erakurleek blogaren bidez trukatuko ditue eretxiak. Sare sozial batzuen bidez be parte hartu leiteke. Email helbide honetan emon leiteke izena eta argibide guztiak be bertan emoten ditue: erakurleak@gmail.com
Bagilera bitartean, bederatzi liburu irakurteko proposamena egingo dabe Erakurleak taldeko blogaren bidez, hilero bat. Zerrenda guztia blogean dago eta urriko liburuaren ganeko iruzkinak eta eretxiak batzen hasi dira dagoeneko. Katixa Agirreren Sua falta zaigu (Elkar, 2007) da urriko liburua. Ipuin-liburua da.
Irakurketa taldea, izatez, digitala dan arren, aurrez aurreko saio bat antolatu dabe ikasturteari indarrez ekiteko. Holan, gaur, martitzena, arratsaldeko 19:00etan Katixa Agirre egongo da Donostiako Liburutegian. Erakurleakaz eta bertaratzen diran guztiakaz solasalditxua egingo dabe.