Koldo Mitxelena (1915-1987) hizkuntzalari, idazle, kulturgile eta euskaltzaina jaio zala ehun urte dira aurten eta, efemeridea kontuan hartuta, gorazarrea egingo deutso Euskaltzaindiak barikuan, urriak 30. Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan, agiriko bilkurea egingo dau Akademiak, Mitxelenaren omenez.
Ekitaldian Euskaltzaindiko kideek eta Gipuzkoako erakundeetako ordezkariek parte hartuko dabe. Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiaren berbakaz hasiko da agiriko bilkurea. Ondoren, Mikel Zalbide eta Joseba Lakarra euskaltzain osoek berbaldi bana emongo dabe, Mitxelenaren ekarpenaren ganean. Amaitzeko, Andres Urrutia euskaltzainburuak egingo ditu azkanengo berbak. Ekitaldian, ganera, Antton Valverde abeslariak pieza batzuk interpretauko dituala aurreratu dau Euskaltzaindiak.
Koldo Mitxelena 2015ean jaio zan Errenterian. Haren jaiotzearen mendeurrenean, beraz, gorazarre egin nahi izan deutso Euskaltzaindiak, barikuko agiriko bilkurearen bidez. Izan be, euskereari ekarpen handia egin eutsan Mitxelenak, besteak beste euskera batua bultzatuaz.
1936ko gerran abertzaleen alde agertu zan Mitxelena eta boluntario ibili zan Francoren aurka. Horregaitik, bost urte egin zituan kartzelan eta 1946tik 1948ra, barriro beste bi. Espetxetik urten zanean ibilbide akademiko bikaina hasi eban. Hizkuntzalaritzan eragin handiko ikerlanak plazaratu zituan eta antxinako euskerea zelakoa zan ulertzeko ezinbestekoa da haren lana.
Iraganera ez eze, etorkizunera be begiratu eban, baina, Koldo Mitxelenak. Euskaltzaindiko kide bihurtuta, euskera batuaren beharra ikusi eban eta haren alde egin eban. Euskera batuaren sortzaileetako bat izan zan. Orotariko Euskal Hiztegiaren proiektua bultzatu eban.
Salamanca eta Sorbonako unibersidade ospetsuetan irakasle izan zan eta EHUren sorreran parte hartu eban, ganera. Abertzale eta euskaltzalea izan zan Mitxelena eta sasoian sasoiko gizarteko kezkez arduratu zan. 1987an hil zan Donostian.