Hogei urte dira Karlos Gorrindo gernikarrak aurreko eleberria plazaratu ebala, helduen literaturearen arloan. Ezpainak arrainak bezala (Erein) argitaratu dau orain, amodioaren eta desamodioaren inguruko liburua. Ahozkotasunetik hurreko estiloagaz, nobela arina baina gogoetaz betea idatzi dau. Helduek ez eze, gazteek be irakurteko modukoa da.
Gorka izeneko gizona da protagonistea. Martak eta berak osotuten daben bikotea une txarrean dago, apurtzeko zorian. Martak Gorka itxi nahi dau baina Gorkak harremanagaz segidu gura dau. Gorkaren ikuspegitik kontetan dira gertakariak eta protagonisteak lehenengo personan egindako gogoetak agiri dira. Marta be personaje inportantea da, baina zeregin pasiboagoa dauka nobelearen garapenean.
Ni naizen hori (1992) eta Amaren begietan (1995) aurreko nobeletako tonu ideologikoagoa albo batera itxi dau Gorrindok oraingoan. Ezpainak arrainak bezala lotuago dago sentimenduei. Obsesinoak, amodioak eta desamodioak sortzen dituen erreakzinoak aztertu nahi izan ditu autoreak. Sentimenduez berba egitea beharrezkoa dala uste dau idazle gernikarrak.
Ulertzen erraza eta irakurteko arina da Ezpainak arrainak bezala. Izan be, Karlos Gorrindok ahalegin berezia egin dau hizkera zuzena eta esaldi laburrak erabilteko. Gai konplexuak lantzen dituan arren, irakurleagandik hurreko hizkerea erabili nahi izan dau, ahozkoari oso lotua. Bizkaierazko ikutua be badauka Gorrindoren testuak.