Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak urte osoan zehar bere programazinoari jarraipena emoteko antolatu dauen Hileko Dokumentala estreinaldien zikloak Sara Ishad Yemengo zinemagileak zuzendutako The Mulberry House (2013) filma eskainiko dau eguenean, urriaren 29an. Emonaldia Multicine aretoan izango da, 20:00etan, eta sarrereak 3,70 euroko prezioa izango dau.
Mundu arabiarrean jazotako eta biztanleek euren ordezkari politikoen aurrean daben hasarrea erakusteko herritarren altzetearen eszenatoki izan da Yemen, eta egoereak gerra zibil bildurgarria eragin dau. Sara Ishaq zuzendaria Yemenen jaio zan, eta han bizi izan zan 17 urtegaz amagaz Eskoziara bizitera joan arte. Hamar urte geroago, 2011ean, Sara Yemenera bueltau zan, beste persona bat bilakatuta, kamerea eskuan eta bere sustraiak barriro topetako asmoz.
Familiako istorio intimo horren erdian, azken urteetako fenomeno soziopolitiko garrantzitsuenetako bat hasi zan: udabarri arabiarrak. Sararen familiak parte hartze aktiboa izan eban Saleh presidentea kargutik kentzea eta emakumeentzat eskubidea eta askatasun gehiago eskatzen eben lehenengo manifestazinoetan.
Kontuak kontu, klase ertaineko familia baten erretratu intimo eta sentikor legez hasten dan dokumentala, 2011ean Yemenen izandako matxinada demokratikoei buruzko testigantza bilakatu da, eta, aldi berean, Ali Abdullah Saleh-en erregimen autoritarioaren errepresinoaren erakusgai bere.
Sara Ishaq Yemenen jaio zan, 1984an, eta Edinburgh College of Art izenekoan egin zituan zinema ikasketak. BBC telebistak Ekialde Ertainean egindako zenbait produkzino lanetan hartu dau parte. Bere lehenengo film labur dokumentala, Karama Has No Walls (2012), BAFTA New Talent Award sarietarako izentauta egon zan, eta hainbat sari irabazi zituan nazinoarte mailan. The Mulberry House bere lehenengo film luzea da.