Eskena alkarteak 20. urteurrena ospatuko dau hileon, topaketa, dokumental eta abarregaz

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 2a, 00:00

Euskadiko Antzerki Ekoizle Profesionalen Alkarteak, Eskenak, hamarkada bi bete ditu eta jarduera nagusi bigaz ospatuko dau urteurrena hileon: Batetik, Ramon Bareak zuzendutako dokumentala aurkeztuko dabe eta, bestetik, topaketea egingo dabe politikariakaz, sektorearen bideragarritasunaz jarduteko. Bide batez, alkartearen webgunea barritu dabe.

1995ean sortu zan Eskena, Euskal Autonomia Erkidegoko antzerki eskolak batzeko asmoz. Hogei urte pasauta, alkartean 22 konpainia profesional dagoz: Bederatzi gipuzkoar, zortzi bizkaitar eta bost arabar. Eskenak Bilbon dauka egoitzea. Bertako arduradunek adierazo dabenez, hasierako gogoari eusten deutsie eta etorkizunari heltzeko gogoz dagoz.

Ospakizunak hasteko, zemendiaren 11n, Ramon Bareak zuzendutako dokumentala aurkeztuko da. Eskena 1995-2015 izenburupean, alkartearen hogei urteko ibilbidea da filmaren ardatza. Eskena sormenaren eta eszenaren euskal gune nagusia izatera zelan heldu dan kontetan dau Bareak eta etorkizunera begirako galderak be egiten ditu. Hogei urteko ibilbidearen parte diran persona eta eragile ugari agiri dira dokumentalean.

Ramon Barearen aurkezpena aprobetxauta, ekitaldi berean, Eskenaren webgune barrituaz berba egingo dabe. Alkartearen gertakari nagusiak eta euskal antzerkiaren gaurkotasuna batzeko webgunea izatea nahi dau Eskenak.

Hilaren 12an, topaketea antolatu dau Bilbon Eskenak, FAETEDA Espainiako Antzerki eta Jantza Alkarteen Federazinoagaz batera. Alderdi politikoen eta antzerkigintzako eragileen arteko topaketea izango da, hain zuzen. Gaur eguneko antzerkigintzearen diagnostikoa egiteko erabiliko dabe jardunaldia. Antzerkigintzearen etorkizuna ziurtetako dekalogoa adostu eta jentaurrean aurkeztuko dabe, aurrera begirako pausuak zehazteko.

Osorik irakurri