Zinebi 57

57. PreZinebi zemendiaren 6tik 13ra

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 2a, 00:00

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiaren (Zinebi) 57. edizinoak aurrerapena eskainiko dau zemendiaren 6tik 13ra, PreZinebiren programazinoagaz. Bertan, ohikoa danez, Bilboko Ikus-entzunezkoen sektorea osotzen daben erakundeek, taldeek, alkarte profesionalek eta prestakuntza zentroek izango dabe lekua. Barrikuntza legez, aurten jaialdiak Zinebi-New Talents saria emongo deutso 2014-2015 ikasturtean Bilboko zine eskoletan egindako film labur onenari. Saria 500 eurokoa izango da.

Beste proposamen batzuen artean, aurtengo edizinoak, zinema eskolek egiten daben lanaren erakusketea, ZinebiExpress lehiaketea, edo Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga lako profesionalakaz, Ingelesa ez dan beste Hizkuntza Batean egindako lan onenaren Oscar saria jasoteko Espainiako Zinema Akademiak proponidu dauen euskeraz egindako Loreak (2014) lehen filmaren, zuzendariakaz, izango dan topaketea jasoko ditu.

PreZinebi bariku honetan hasiko da, arratsaldeko 20:00etan, Campos antzokiko Kupula aretoan, hortxe izango baita Euskal Herriko Gidoilarien Alkartearen laguntzaz antolatutako topaketea. Bertan, ikus-entzuleek, Javier Sánchez Donate eta IgorLegarreta zinema idazle gazteakaz barriketan ibilteko aukerea izango dabe. Gabe Ibáñezegaz batera, Antonio Banderasek produzidutako eta antzeztutako Autómata (2014) lanaren gidoiaren arduradunak dira. 

Hurrengo egunean, goizeko lehen orduan, 48 ordutan errodautako film laburren ZinebiExpress lehiaketarako deialdi barria zabalduko da (goizeko 09:30etik 10:30etara– Campos Antzokiko atarian). Izan be, partaidetzea bultzatzeko, eta jaialdia eta Bilbo edozein muetatako istorioak kontetako eszenatoki ezin hobe lez sustatzeko asmoz, Zinebik zortzigarren urtez jarraian deitu dau lehiaketa hau. Partaideek astelehen arratsaldera arteko epea izango dabe euren lanak aurkezteko eta eguenean, zemendiaren 12an, sariak banatuko dira, Azkuna Zentroko auditorioan, arratsaldeko 20:00etan. Ekitaldi horretan lehiaketearen finalera heldu diran filmak be eskainiko dira.

Zapatu honetan, baita be, Simone de Beauvoir Kolektibo feministeak topaketea eskainiko dau Mar Collegaz, azken belaunaldiko emakume zinemagile azpimarragarrienetako bategaz, Zuzendari Barrien Goya Saria irabazi eban 2010ean. Saio hori arratsaldeko 20:00etan hasiko da Campos Antzokiko Kupula aretoan, eta Todos queremos lo mejor para ella (2013) filma eskainiko da, trafiko istripu ikaragarriaren ondoren bere bizitza berreregiteko ahaleginetan dabilen emakume baten istorio dramatikoa.


Zinebi – New Talents

Astelehenean eta martitzenean, Kupula Aretoan baita be, arratsaldeko 20:00etatik aurrera, Bilboko zinema eskoletako eta ikus-entzunezko prestakuntza zentro publikoetako eta pribatuetako ikasleek 2014an eta 2015ean egindako lanak erakusteko bi saio eskainiko dira. Topaketan, EHU-UPV-ko Gizarte Zientzia eta Komunikazino Fakultadeak, Erandioko Tartanga IEFPS-k, IMVAL-ek, eta Euskadiko Zinema Eskoleak hartuko dabe parte. Barrikuntza lez, aurten Zinebik New Talents saria emongo deutso lehen aldiz 2014-2015 ikasturtean Bilboko zinema eskoletan egindako film labur onenaren egileari. Saria 500 eurokoa izango da eta Zinebiren 57. edizinoaren inaugurazino ekitaldian banatuko da, zemendiaren 13an.

Horrezaz gan, PreZinebik, Zinebilab mintegi-tailerra jasoko dau lehen aldiz zemendiaren 9an, 10ean eta 11n, UPV/EHU-ko Arte Eder fakultadean. Programearen barruan berbaldiak, mahai-inguruak eta zenbait jarduera praktiko jasoko dira. Era berean, barriketalditxua egongo da adituen eta partaideen artean, dokumental interaktibo edo webdoc izenekoek ikus-entzunezko industrian izan daben historiari, sorkuntza prozesuari, produkzino prozedurei eta aplikazinoei eta aukerei buruz. Bertan parte hartuko dabenen artean Jorge Caballero Bartzelonako Unibersidade Autonomoko Dokumental Sortzaile Masterreko dokumental interaktibo eta postprodukzinoko koordinatzailea eta 2006an sortu eta grafismoan, ilustrazinoan, animazinoan, multimedia programazinoan eta webdoc-en eta aplikazino infografiko interaktiboen produkzinoan dabilen Taller Estampa taldea dagoz.


Loreak

Beste urte batez, PreZinebik FAS Zine Klubaren laguntzinoa be izango dau. Martitzenean, zemendiaren 10ean, Campos antzokiko areto berean, Ingelesa ez dan beste Hizkuntza Batean egindako lan onenaren Oscar saria jasoteko hautagai izan daitekeen euskeraz egindako lehen filma izateagaitik historia egin dauen Loreak film luze txalotua eskainiko da. Jon Garaño eta Jose Maria Goenaga ikus-entzuleakaz barriketan izango dira, euren esperientziak, eta lore sorta misteriotsuetan batutako maitasun eta heriotza istorio poetiko eta eder horreen bitartez Hollywoodera daroan bide luzea konpartiduteko. Saioa arratsaldeko 20:00etan hasiko da, eta María Martínek eta Judith Ruizek eskainiko daben Krego-Martín Danza konpainiaren jantza garaikide pieza bategaz osotuko da.

PreZinebiren amaierako jaia zemendiaren 13an, 00:00etan izango da, Ribera Bilbao kafetegian, eta bat etorriko da, beste urte batez, Zinebi 57 jaialdiaren inaugurazino ekitaldiagaz. Oraingo honetan, jaialdiak, Caóstica Alkarteagaz batera, omenaldi berezia eskainiko deutso Nerd izenez ezagutzen dan azpi-generoari, Ipar Ameriketako institutuetan eta unibersidadeetan jazoten diran komedia zentzunbako horreei. Programan, beste batzuen artean, nerd filmen zatiak proiektauko dira, neska animatzaileek jantzan egingo dabe, mozorroak egongo dira, Miss eta Mister Nerd lehiaketea egongo da, eta Iparraldeko The Sparteens taldearen eta rockabilly musikan espezializautako DJ Nash-en zuzeneko emonaldiak egongo dira.

Osorik irakurri