Izaki Gardenak taldearen bigarren disko luzea da Aurri gara (Elkar). Taldearen betiko nortasunari eutsita, kantu eder eta malenkoniatsuak topauko doguz bertan. Koherentziaren bila, taldea, eta bereziki Jon Basaguren abeslaria, neurtuago agiri dira oraingo honetan eta musika-estiloak ez ditue muturrera eroan nahi izan. Gure soinua, 'Izaki soinua', lortu dogulakoan nago, adierazo dau Basagurenek Bilbon egindako aurkezpenean.
Sinbologia ugariko diskoa da Aurri gara, barru-barruko pensamendu eta sentsazinoak adierazoteko orduan. Jon Basagurenek, bere konposizinoetan, asmau egiten dau askok barruan daukagun sentsazinoa erakusten, hau da, dana arin doala plastikozko mundu honetan, azaldu dau Anjel Valdes Elkarreko kideak.
Diskoko berbak malenkoniatsuak dirala dino Jon Basagurenek. Halandabe, bestelako irakurketei be atea zabalik itxi deutsela dino Izaki Gardenakeko abeslari eta gitarrajoleak: Letrek interpretazino asko daukiez, puntu positiboa be badaukie kanta batzuek. Bere sentimendu eta gogoetetatik abiau da Basaguren letrak idazteko, azkanaldion izan dituan kontu personal batzuetan oinarritu da neurri baten. Halandabe, entzule bakotxak bere irakurketea egingo dauela espero dau, nork bere bizipenetara egokituko dituala diskoko abestiak.
Aldaketearen diskoa be bada hau, izan be, taldekide barri bi daukaz Izaki Gardenakek. Batetik, orain baterian Arkaitz Ezkai dago, Iker Fernandezen ordez. Bestetik, Eneko Zabalzak hartu dau Joseba B. Lenoirren lekukoa gitarreagaz. Ganerako taldekideak lehengoak dira: Libe Garcia de Cortazar tekladuan eta ahotsetan, Eneko Leza baxuan eta Jon Basaguren, taldearen arimea.
Taldean aldaketak egon dira, baina soinuan ez, azaldu dau Basagurenek. Holan, betiko estiloari eutsi deutsie, folk-rock ikutuko doinuakaz. Estilo asko nahastau ditue, baina muturretara joan barik, koherentziaren bila. Diskoari osotasuna emoteko asmoz, kontraste gitxiago dagoz oraingoan, zehaztu dau Basagurenek. Guztira, hamar kanta sartu ditue Aurri garan.
Ahotsean be, aurreko lanetako oihuak albo batera itxi ditu Basagurenek, gauzak neurtuago egiten ahalegindu naz, abesten lasaiago ibili naz oraingoan. Dagoeneko ez deutsala inori erakutsi behar abesten dakiala eta erregistro asko jorratzeko gai dala, horixe uste dau Basagurenek eta hori lagungarri izan jakola dino, lasaitasun puntu horretara heltzeko. Aurri garan, didar baino xuxurla gehiago dagoala adierazo dau.
Horregaz guztiagaz, Basaguren ziur dago Izaki Gardenakek bere soinua topau dauela eta disko honetan agirian geratzen dala Izaki soinua dalako hori. Doinu barriak zuzenean entzun gura dituanak, horretarako aukerea eukiko dau taldeak emongo dituan kontzertuei esker: Zemendiaren 5ean, Bilboko Kafe Antzokian Peiremansegaz batera joko dabe. Hilaren 12an, Gasteizko Jimmy Jazzen eta 27an Donostiako Victoria Eugenia klubean joko dabe. Abenduan, Durangoko Ahotsenean egongo dira (6an) eta baita Iruñeko Subsuelon be (9an).