Etorkizun handiko jantzari bizkaitarrak, 'Izena duenak izana du' galan izango dira abenduan

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 2a, 00:00

Bizkaiko Foru Aldundiaren bekadun diran jantzari gazteak izango dira gala horretako protagonistak. Bilboko Euskalduna jauregian aurkeztuko dabe Izena duenak izana du balet ikuskizuna, abenduaren 22an (20:00). Toti Martinez de Lezea idazleak egin dau galearen gidoia eta Jon Ugarriza izango da zuzendari artistikoa. Jantzari gazteei laguntzen, Lucia Lacarra gipuzkoarra eta Marlon Dino albaniarra egongo dira oholtzan.

Abenduaren 22an, neguko solstizioaren bueltan, egingo dabe gala berezi hori Bilbon. Hatan be, solstizioaren inguruko istorioa kontauko dabe baletaren bidez. Toti Martinez de Lezearen gidoiaren bidez, Euskal Herriko sinesmen eta tradizinoen errepasoa egingo dabe jantzariek. Istorioaren arabera, gazte talde bat eguzki barriari agur egiten joango da zelai batera, solstizio egunean, baina euretako bat galdu egingo da. Amari, Sugaar, iratxoak, sorginak eta beste izaki mitologiko asko agertzen dira obran.

Izena duenak izana du ikuskizuneko protagonistak Bizkaiko Foru Aldundiaren diru-laguntzinoa daukien jantzari gazteak izango dira. Gehienak atzerriko goi mailako eskoletan dabilz trebakuntzea jasoten. Honeek dira jantzari gazteok: Nerea Barrondo, Mikel del Valle, Maitane Goikolea, Marina Goitia, Jone Martinez, Almudena Perez, Ines Perez eta Clara Yue Bañuelos.

Gazteei laguntzen, ospe handiko jantzari bi egongo dira oholtzan, Lucia Lacarra eta Marlon Dino, biak be Municheko Operako balet jantzari nagusiak. Mario Jimenez arduratuko da eszenografiaz eta zuzendari artistikoa Jon Ugarriza izango da. Ugarriza bera, Foru Aldundiaren bekadun izan zan 1995 eta 1996an.

Abenduaren 22ko gala horretarako sarrerak salgai dagoz, 12 eta 25 euro bitarteko prezioetan. Euskalduna jauregiko txarteldegian zein Kutxabanken webgunean.

Osorik irakurri