VII. Banden Lehiako finalean izango dira Ozhen, Begiz Begi, Desore eta Yoko Out

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2015ko aza. 3a, 09:40

Azkue Fundazinoak antolatutako Banden Lehiako 7. edizinoko lehenengo fasea amaitu da. Bi astetan zehar taldeek izena emon dabe eta euren musikea konpartidu dabe webgunearen bidez. Eta publikoak eta epaimahaiak bere lana egin dabe honezkero, talde bakotxaren musikea entzunez eta onenak aukeratuz.

Banden Lehiako botoa emoteko formuleak publiko orokorra eta epaimahaiaren botoak batzen ditu: publikoak, webgunean emondako botoei esker, lehenengo talde finalistea aukeratu dau; eta epaimahaiko kideek beste hiru bandak aukeratu ditue.

Lau taldeek zemendiaren 27an Bilbon izango dan dan finalean zuzenean joko dabe. Bilborocken 20 minutuko emonaldia eskainiko dau talde bakotxak eta bertan, bai publikoak eta bai epaimahaiak, euren botoen bidez, Banden Lehiako zazpigarren edizinoko talde irabazlea zein izango dan erabagiko dabe.


VII. Banden Lehiako finalistak:

- Publikoak aukeratuta, OZHEN talde bermeotarra (13.970 boto). Ozhenek 80 eta 90. hamarkadetako rock musikearen kutsua berreskuratu eta euren estiloaren oinarria da. Momentuz, taldeak lan bakarra kaleratu dau, nahikoa lehenengo urtea izateko; lan hau eurek auto-produzidutako maketea da eta dagoeneko salgai dago, Bermeo eta Gernikako leku jakin batzuetan.

Kontzertuen aldetik, zuzenekoetan eskarmentua dauka taldeak, izan be, oraintsu kontzertua eskaini eben Bilbao Night Maratonen.

- Epaimahaiak aukeratutako beste hiru bandak:

BEGIZ BEGI, Baionatik dator Begiz begi taldea. Banden Lehiako historian lehenengoz iparraldeko talde bat izango da finalean. Taldeak badauka bere historia, bikote moduan hasi baitzan 2007an, Patxi Amulet eta Xabi Etcheverryren eskutik. Gaur egun bost lagunek osotzen dabe taldea. Azken bost urtetan taldeak egonkortasuna irabazi eta lanean gogor ibili da. Bakotxak bere estilo propioa ekarri eban taldera eta horrek taldearen nortasuna osotu dau. Eta lan horren uztea aurten loratu da, lehenengo diskoa kaleratu dabe, Joan Ihes Egin Baino Lehen izenburupean.

DESORE, arratiarrak, Igorrekoak dira. Desore 2015eko udaberrian sortutako rock talde bizkaitarra da. Lau kidez osotuta dago, euren musika-estiloa nahiko ugaria dalarik: rock alternatiboa, hard rock eta rock 'n' rolla, besteak beste. Aurten autoproduzidutako maketa bat kaleratu dabe.

YOKO OUT, Durangoko taldea. Poeta hiltzaileen hamarkada diskoko kantuak zuzenekoetan aurkeztu izan ditue taldeko 8 musikariek.

Banden Lehiako zazpigarren edizinoko finalean, beraz, hiru talde bizkaitar eta lapurtar bat izango dira oholtza gainean. Epaimahaiak aukeratzen dauen taldeak disko bat grabau, eta BBK Live eta Euskal Herria Sona jaialdietan parte-hartzea jasoko dau saritzat.

 

Osorik irakurri