Hamar abesti barri eta aurreko diskoetako beste lau sartu ditu Josu Bergarak bere lan barrian. Kanta txikien indarra (Taupaka) diskorako, musikari eta artista ugariren laguntzinoa euki dau eta, holan, kantautore izateari itxi barik, banda itxura handiagoa hartu dau bere lanak. Zuzenekoetarako be, formatu txikiko (Bergara eta beste kide bi, akustikoan) eta formatu handiko emonaldiak aurrikusi ditu.
Diskoa aurtengo bagilean grabau eban, zuzenean, Josu Bergarak. Bilboko Kafe Antzokian, jentaurrean jo zituan hamar abesti barriak eta baita aurreko diskoetako lau be. Estudioan ikutu txiki batzuk baino ez deutsaguz egin, zuzenekoan jotakotik asko gorde dogu, azaldu dau musikari bizkaitarrak. Entzuleentzat ezagunak diran lau kanta jo zituan kontzertuan, emonaldia kanta ezezagunakaz bakarrik ez egiteko, eta horregaitik dagoz diskoan.
Kantautorearen esentzia mantenidu dauen arren, beste era bateko diskoa da Kanta txikien indarra, Bergararen aurrekoakaz alderatuta. Mugarria da, bere esanetan, lan hau, banda-diskoaren antz handiagoa daukalako. Nigaz beste proiektu batzuetan ibili diran kideek parte hartzea nahi izan dot. Abestien letrak eurak be, Nerea Alberdigaz batera idatzi ditu oraingoan.
Bibolina joten dau diskoan, ganera, Nerea Alberdik. Konponketez be bera arduratu da. Mikel Nuñez Lauzirikak tekladuakaz lotutako kontuen ardurea hartu dau. Beste kolaboratzaile batzuek be parte hartu dabe Kantu txikien indarran: Txema Arana, Dani Gonzalez, Natalia Wang, Ariadna Villate, Claudia Diez, Izaskun Canga, Maria Rivero eta Gaizka Peñafielek, besteak beste. Udane Goikoetxeak Jakin gura neuke olerkia idatzi dau eta izen bereko kantan entzun eta diskoaren kontrazalean irakurri leiteke.
Herri txiki zahar honetan da lehenengo singlea. Protesta kanta baten antzekoa da, azaldu dau Josu Bergarak. Izan be, Euskal Herriko gai sozial eta kulturalak aitatzen ditu.
Diskoko doinuei jagokenez, Josu Bergararen ohiko estiloa topauko dogu bere laugarren disko honetan. Halandabe, erritmo bereziak tartekatu nahi izan ditu abesti batzuetan. Holan, swing eta pop doinuak ez dira faltau.
Kontzertuak emoteko orduan, formatu txikia zein handia eskainiko ditu Josu Bergarak. Formatu txikia, akustikoan joteko, hiru musikarigaz egingo dabe: Nerea Alberdi bibolinagaz, Mikel Nuñez lauzirika tekladuan eta Josu Bergara bera. Formatu handian musikari gehiago batuko ditu eta areto handietarako aproposa da. Kontzertu gehienak hirukote formatuan emongo doguz, eskari handiagoa dagoalako, zehaztu dau Bergarak.
Kanta txikien indarra diskoko abestiak entzuteko aukerea egongo da zemendian, zuzeneko emonaldiak hileon hasiko dira eta. 15ean Busturiko kultur etxean joko dau Bergarak eta, 21ean, Jatabeko kultur etxean. Abenduan Durangoko Ahotsenean joko dau eta urtarrilean Larrabetzun eta Oñatin. Euskal Herritik kanpo diskoa aurkeztu nahi leukela adierazo dau, Bartzelonan edo Valentzian ahal dala. Madrilen edo Galizian joteko aukerea be ez dau baztertu.