Bizkaiko Foru Liburutegiak antolatzen ditu urtero Liburutekia jardunaldiak eta, aurten, Bilboko Rekalde aretoan egingo ditue, zemendiaren 10, 11 eta 12an. Berbaldi ugari egongo dira horreetan egunetan. Kultureari, literatureari eta teknologia barriei buruzko gogoetea bultzatzeko ekimena dala dinoe antolatzaileek.
Aurten laugarrenez egingo ditue Liburutekia jardunaldiak. Kultureari buruz berba egin eta gogoetea egiteko espazioa sortzea da helburu nagusia, batez be literaturearen ikuspegitik. Zehatz esanda, teknologia barriek kulturan euki leiken eragina eta erabilgarritasuna aztertu nahi ditue. Adituen berbaldien bidez, internetek narrazinoan ekarri dituan aldaketak, irakurtzeko sistema barriak eta era horretako gaiak lantzeko giltzarriak emon nahi ditue.
Liburutekia, batez be, profesionalei zuzenduta dago, baina edozeinek parte hartu leikela zehaztu dau Foru Liburutegiak. Edizinoaren eta liburu-denden munduko ordezkariek, idazleek, blogariek eta abar parte hartzen dabe jardunaldiotan. Saio guztiak arratsaldez izango dira, Bilboko Rekalde aretoan, doban. Euskeraz eta gaztelaniaz entzun ahal izango dira berbaldiak, aldibereko itzulpen sistemeari esker.
Programea zemendiaren 10ean hasiko da, 18:00etan. Fernando Tarancon, Maria Eugenia Salaverri eta Dani Maiz batuko dira, Sareen erabilera elkarteen zerbitzura berbaldian. Zemendiaren 11n, 18:00etan, Danele Sarriugartek eta Patricia Millanek honako berbaldia eskainiko dabe: Preskriptore digitalak: Blogariak eta aldizkari literarioak. Ondoren, 19:15ean, blogen inguruko ekimen barriak aztertuko ditue Mikel Agirregabiriak eta Julio Usandizagak.
Liburutekia jardunaldiak zemendiaren 12an amaituko dira, Liburutegiak, digitalaren eta analogikoaren artean izenburuko berbaldiagaz. Saioa 18:00etan hasiko da eta Catuxa Seoane, Fernando Juarez eta Ibon Idoiagak parte hartuko dabe.